Juan Ramon Aranguren: "Atez atekoa"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Ramon Aranguren 2011ko api. 19a, 02:00

Hilabete pasatxo da "zero zabor" helburuarekin Antzuolan atez atekoa egiten hasi ginela...

... eta gaur ematen du betidanik egin dugula.

Berrikuntzen aurrean bezala, zalantzak izan genituen: gai izango ote ginen, zelako zailtasunak izango zituen... Aurreiritzi batzuk ere izan ziren herriko giroa apur bat kaskartu zutenak. Baina behin abian jarrita eta lehenengo egunetako akatsak zuzendu ondoren, dena ondo baino hobeto joan da. Helburua zen ahal den eta hondakin gehien sailkatzea eta birziklatzea, eta, denbora gutxian, %86ra heldu gara. Sistema hau ipintzeak beste onura batzuk ere ekarri dizkigu: herria garbiago, usainik ez dago, kalean arratoiak eta katuak ia desagertu egin dira, janaria falta zaielako, eta abar. Herritarroi baldintzak eta bitartekoak jartzen dizkigutenean, erakutsi dugu instituzio eta politikari asko baino arduratsuagoak garela ingurugiroarekin. Herrian
lehen 40 herritarrek edo familiak egiten zuten konposta, gaur 170 izatera heldu gara.

Harrokeriarik gabe, asko harro sentitzen gara emaitzekin eta, batez ere, ondo egiten ari garelako. Bi urtetan posible izango litzateke atez atekoa Gipuzkoa guztira zabaltzea, baldin eta instituzio eta alderdi batzuek kontrako jarrera ez badute izaten.
Herri txikia edo handia izan (Hernani-Antzuola), nor bere berezitasunekin, denentzako da balekoa sistema hau. Ez dago inongo arrazoirik, gutxi batzuen interes ekonomikoa salbu, erraustegia eraikitzeko. Zubieta eta inguruetako herritarrek eskubidea dute lasai bizi izateko; minbizia eta beste gaixotasun batzuen beldur barik bizitzeko.

Antzuolako kasuan %14 besterik ez da errefusa, birziklagarria ez dena; hondakin inerte kopuru baxu horrek ez du justifikatzen 600 milioi euroko gastua egitea. Are zentzu gutxiago dauka hori saihesteko alternatiba bideragarria dagoela egiaztatuta egon dagoenean. Erraustegiko errautsak %14 hori baino gehiago izango dira, eta kutsakorrak. Eskerrik asko, Usurbil, Oiartzun eta Hernaniko udal eta herritarrei, beraiek gabe gu ez ginateke hona iritsiko eta eztabaida teorikotan jarraituko genuke. Aipamen berezia Usurbili, lehena izan zelako eta medioen, instituzioen eta hainbat alderdiren erasoei aurre egiten jakin izan duelako.
Hauteskundeak datozen honetan, aukera ederra daukagu alderdiei eskatzeko gai honen aurrean jarrera arduratsua har dezaten. Gai honek arduratzen bazaituzte, etorri Antzuolara herria nola dagoen ikustera.Animo eta aurrera bolia, gure ondorengoek eta ingurugiroak eskertuko digute.

------------------------------

Juan Ramon Aranguren
Antzuola

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak