Erabakiaren eta erantzunaren zain

Erabiltzailearen aurpegia Josu Pereda 2016ko ira. 9a, 00:00

Urtero bezala, aurten ere oporraldiak eskaintzen digun deskonexioa amaitu osteko epean gaude.

Deskonexio horrek, ordea, ez ditu aurretik genituen kezkak eta korapiloak askatu, eta berdin diraute, utzitakoan bezala. 

Korapilo horietako bat Epelen Gipuzkoako zaborrarentzat egin nahi den zabortegiaren mehatxua dugu. Luzatu genien horretan ardura duten arduradun politikoei auzi horren aurrean zituzten iritziak eta asmoak azaldu eta argitu zezaten eskaera. Ez genuen erantzun zehatzik jaso eta gaur da eguna, oraindik ere, Mankomunitatetik erantzunik jaso gabe jarraitzen dugun eguna. Non da gaur egungo mankomunitateko arduradun politikoek kudeaketan ezarri dutela dioten "trasparentzia"? Ez ote da hitz egokiagoa "sekretismoa"? Erantzun horren eskean behin eta berriz zuzendu garen arren, ez da erantzun garbirik jaso. Nola izendatu kudeaketa eredu hori? 

Herritarrei loturiko kudeaketa, egokia izateko, printzipio eta balore batzuetan oinarrituta egon behar dela uste dugu. Gai gehienetan ekonomiak garrantzi handia du, noski; ez, ordea, ezarritako printzipioen gainetik jartzerainoko garrantzia, gaiak sensibleak direnean, batik bat. Zabortegiaren auzian arlo ekonomikoak garrantzia duela ez dago ukatzerik, baina, printzipioak sendoak izanez gero, hauek gainditzeko modukoak dira. Ba al duzue hondakinen bilketa eta ondorengo kudeaketan egin beharrekoentzat ingurumenarekiko oinarri sendorik? Ekonomiaren printzipioak soilik finkatu behar al digu etorkizunerako bidea zein den? Eta gu guztion osasuna non gelditzen da?

Arrasateko alkateak bere posizioa argitu zigun. Mankomunitatean bozketa egonez gero, Arrasateko udalak ezezkoari eutsiko lioke? EAEko hauteskundeen atarian gaude eta herritarrek jakin nahi dute Epelen Gipuzkoa osoko zabor nahasia jartzeko asmoa duzuen edo ez. Beraz, alderdi guztiei eskatzen diegu gai honen inguruan argi eta garbi posizionatzeko. 

Gure aldetik, Debagoiena eredu. Zabortegirik ez! taldea berriz ere martxan dagoela adierazi nahi dizuegu. Datozen asteetan sinadurak jasotzen jarraituko dugu gure eskualdean eta udazkenerako plangintza ere prestatzen hasi gara.

Guztiok inplikatzen bagara, lortuko dugu Epeleko zabortegi nahasiaren proiektua ez egitea.

Debagoiena eredu. Zabortegirik ez!

----------

Josu Pereda

('Debagoiena eredu. Zabortegirik ez!' elkartearen izenean)

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak