-Gure elkartearen lehen helburua Zubieta kaleak bizi duen degradazio urbanistikoari bere osotasunean buelta eman eta irisgarritasuna bermatzea dela. Eta, bide horretan, kalea konpontzeko obrak 2021an hasteaz gain Udalarekin prozesu bat adostuta daukagula. Lanak hasi aurretik ekarpenak egiteko aukera emango diguna eta, ahal den neurrian, kontuan hartuak izango direnak.
-Eskola zaharraren orubeari dagokionez, irisgarritasun parametroak betetzen ez dituen heinean, hau da, erabili eta gozatzeko herritar guztion eskubidea bermatzen ez den bitartean, guk ez daukagula bertan inongo ekintzarik abiarazteko asmorik. Eta kalea berrizteko ikuspegi integral batetik, orube horren berrantolaketa baten aldeko apustua egiten dugula. Irisgarritasuna ziurtatu eta aisialdia lehenetsiz, horretarako kale osoan daukagun gune bakarra dela sinetsita gaudelako. Eta hala azaldu genuela jadanik 2019an hedabide honetan bertan eta udal osoko bilkuran, orubean etxe berriak egiteko proposamenaren aurrean.
-Bertan aurrera eraman ahalko diren dinamika desberdinen inguruan, udal orube eta eraikinen kudeaketaren arduraduna Bergarako Udala denez, dinamika horiek zehazteko prozesu parte-hartzaile bat martxan ipintzea proposatzen diogula. Ahalik eta irekiena. Inguruko bizilagunak – Zubieta, Mugertza eta San Lorentzo–, interesa duten herriko eragile guztiak eta Udala bera aintzat hartuta. Ahalik eta adostasun zabalena lortzera bideratuta eta interes orokorra aurretik ipinita.
----------
Joxe Sanchez
Zuzendaritza Taldearen izenean
Bergara