Ekain eta Ibai gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Otxandategi 2018ko api. 15a, 00:00

Nola esan, nola adierazi. Zein hitz aukeratu orain sentitzen duguna adierazteko, inon hiztegi egokirik balego, behintzat.

Zer gertatzen zitzaien ulertzeko astirik eduki gabe joan zaizkigu. Biak, anaia biak.

Begi bistara berdinak ziruditen arren, ezagutzeko aukera izan dugunok gure barnean bakoitzari leku propioa egiteko parada izan dugu. Hori bai, beti elkarren ondoan, beraiei gustatzen zitzaien bezala.

Gure lanbideak, hezkuntzak, badu zerbait ona; besteren artean gurekin hazi eta hezitako haurrek arrastoa uzten digutela, alegia. Zorionez, gauzak ondo bidean, asko izaten da beraiengandik jasotzen duguna. Oraingoan, tamalez, zoritxarrak betebetean jo gaitu. Oraingo honetan, orbain sakona geldituko zaigu, azaletik barrurainoko bidea hartua duena.

Bizitzak, sarri, frogan jartzen gaitu; ziur asko, Ekainen eta Ibairen gurasoek momentu hau gaindi ezina izango balitz bezala biziko dute. Bizitzak, maiz, ona ematen digu, segidan onena kentzeko.

Zer da, ba, bizitza, hori guztia eta hori besterik ez.

Samina, tristura eta, zergatik ez, amorrua ere sentitzen dugu momentu honetan, inon inongo familiatan inoiz sentitu behar ez luketen mina nagusitu zaigulako.

Gure ikastolatik, eta, batez ere, Umezaintzatik, bertako haur, guraso zein irakasleek bat egiten dugu "anaien" falta sumatuko duzuen guztiokin. Besarkada estuena doa beraien guraso Laurari eta Miguel Angeli eta June arrebari.

Guretzat, ohore eta plazer bat izan da Ekainen eta Ibairen bizitzan leku bat izan dugula jakitea.

Jakin badakigu anaia biak, dauden tokian daudela, eskutik helduta egongo direla. Ekainen eta Ibairen oroimenak luze iraungo du gurean

----------

Jon Otxandategi

Arizmendi Ikastolako Umezaintza guneko laguntxo, guraso eta irakasle taldearen izenean

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak