Euskal Herria ez da nazio

Erabiltzailearen aurpegia Jon Otero Uribarren 2014ko mar. 3a, 00:00
Gai polemikoa da, batez ere nafar abertzaleendako. Baina zer da nazio bat? Estatu berezi bat sortua duen edo sortu nahi duen herrialdeen batasuna.

Hau da, Jaurlaritzarako azken hauteskundeetan Gipuzkoan gehiengoa izan ginen abertzaleak, baita Bizkaian ere, eta, ozta-ozta, baina Araban abertzaleok irabazi genuen. Beraz, hiru herrialde horietan nazio bat dago, borondate bat independentziarako. Nafarroan ez: azken hauteskundeetan abertzaleok ginen %30. Han UPN, PSN eta PP daude gehiengo erabat, espainolistak. Pozik daude Espainian. Beraz, herrialde hori ez da euskal nazio. Iparraldean berdin, %10 soilik gara abertzaleak; beraz, Iparraldea ez da euskal nazio. 

Gure herria bai, gure herria Euskal Herri osoa da, Zazpiak Bat. Baina gure nazioa Hirurak Bat da. Aberria ez dakit, Tuteran orain dela 2.000 urte galdu zen euskara, eta nire aberria euskara da. Han non egiten den euskara, han dago nire aberria. Baina gure nazioa Euskadi da, hots, Hirurak Bat. Euskadi bai da euskal nazioaren izena.

Baina Euskadiko alderdi abertzaleek nahi dute Nafarroa eta Iparraldea atxikitu demokratikoki independentzia aldarrikatzeko autodeterminazio erreferendum bidez. Hala ere, frantsesek ez dute nahi eta nafar espainolistek ere ez dute nahi autodeterminaziorik, eta are gutxiago independentziarik. Zer arraio, beraz! Bada, abertzaleek nahi dute itxaron 50 urte edo Iparraldearen kasuan 200 urte, Iparraldea demokratikoki abertzaletu arte, eta, nola ez, Nafarroa. Hemendik 50 urtera posible izango delakoan gehiengoak eskatzea Hego Euskal Herriaren independentzia. Eta ordura arte, itxarotea. Nik ez dut horrenbesteko pazientziarik, nik berehala nahi dut Euskadi aske ikusi. Itxaron beharrik gabe Nafarroaren urrats abertzaleei.

----------

Jon Otero Uribarren

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak