Ez dago inon gizonik

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Otadui 2014ko aza. 30a, 00:00

Eskerrik asko, Janire! Aurpegia ematearren, mundua aldatu nahi izatearren eta erantzuteko aukera ematearren.

Joan den urriaren 31n ekimen bat burutu zenuten eredu patriarkalaren inguruko eztabaida bat sortzeko asmoz. Eta GOIENAn, "norbait irainduta sentitzen bada, ez du pertsonen arteko berdintasunean sinisten" diozue.

Ez da nire asmoa udaletxean gertaturikoaz aritzea, zuzentasun ala itxurakeria politikoaz jardutea. 

Nirea beste arazo bat da, iraindua sentitu naiz, eta larriagoa dena, ez omen dut pertsonen arteko berdintasunean sinesten (barkatu, baina ematen du pulpitu batetik hitz egiten duzuela).

Oso barnean sentitzen dudan toki batera joan zineten, udako solstizioak hiru piramideak ferekatzen dituen tokira, eta bertan duela gutxi ardia lapurtu zioten artzain iraindua erabili zenuten eliza gizarte patriarkal baten motor izan dela nabarmentzeko-edo. 

Pena sentitu nuen, pena itzela. Pentsatu nuen zer ote duen egur zati horrek ni hainbeste atsekabetzeko: "Txikitatik ezagutu izana? Aspaldiko eskuen artelana izatea? Ile luzedun mutil baten irudia izatea?". 

Defenditu ezin den haur txikia bezala sentitu nintzen, txiki.

Ez dakit zer, baina badauka zerbait niretzat garrantzitsua dena, polita.

Tristatu nintzen kuleroak bere buruan ikustean. "Baina, zer da hau?", pentsatu nuen: "Erakusleihoko feminismo erraz eta hutsala? Oraindik pertsonak generotan banatu behar gara? Oraindik hankarteak ala elizak definitzen gaituela uste da?". 

Ezer gutxi aurreratu dugu berdintasunaren borrokan!

Monsantoren kokakola eta pintxo-pote way of life honetan eliza instituzionalak nahiko luke edozer gauzaren motor izan.

Jakizue, hurrengorako, ezkertiarra eta abertzalea ei den udal herri honetan, San Juan ikur bat dela, eta oso maitatua, gainera.

Andre, gizon, hermafrodita, homo, lesbo, quirk, trans, hetero eta dena delakoen eguna iritsi bidean bedi protesta ere errespetuan oinarritua.

----------

Joxe Otadui

Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak