Azken 50 urteetan munduko biztanle guztien batez besteko bizi-itxaropena 15 urte luzatu da: 58tik 73ra; 5 urtetik beherako umeen hilkortasuna %13tik %4ra jaitsi da; eskola-urteak ugaritu egin dira: 1975ean munduan bizi ziren pertsonek eskolan batez beste 5 urte zituzten eginak: 2023an, 9 urte.
Hobekuntza hauek gertutik ikusi ditugu guk. Mozambiken, adibidez, azken 25 urteetan bizi-itxaropena 14 urte luzatu da: 49tik 63ra; 5 urtetik beherakoen hilkortasuna %20tik %7ra jaitsi da; eta eskola-urteak, batez beste, bakarra izatetik lau urte izatera pasa dira.
Baina, osasun eta hezkuntza arloetan ez bezala, diru-sarrerei, lanari eta elikadurari dagokienez aurrerapausoak gutxi izan dira. Oraindik ere, munduan, diru truke lanean ari den pertsonen erdiak biziraupen lanetan ari dira. Gogor lan eginda ere, nahikoa jateko ematen ez duten lanetan. Beti goseak. Beti diru faltan. Beti besteen menpe.
Osasun eta hezkuntza arloetan lortu diren aurrerapenetan nazioarteko lankidetzak asko lagundu du. Txertoen eta oinarrizko botiken garatzea eta zabaltzea, erizainen eta irakasleen trebatzea, ikastetxeak eta erietxeak eraikitzea... Lan asko egin da 50 urte hauetan.
Bada garaia lanari dagokionez ere antzeko ahalegina egiteko. Hemen lanerako jendea falta dela esaten da, eta herrialde batzuetan, berriz, gazte pila bat dago lan egiteko gogoz. Baina Lanbide Heziketa behar da, lantokiak sortu behar dira, teknologia-transferentzia behar da, harreman komertzial berri eta bidezkoak behar dira...
Munduan zehar, pertsona guztiek euren lanetik txukun bizitzeko adinako etekina lortzeko asmo honetan, gobernuek, enpresek, elkarteek eta norbanakoek, guztiok badugu zeregina eta mundu hobeago horretan zer irabazia.