Pasa den astean udal batzorde informatzailea eta lehenengo osoko bilkura telematikoa egin genuen, eta bide horretan jarraituko dugu, gauzak ez badira aldatzen, behintzat. Erabakiak hartu ahala, joango gara herritarrei jakinarazten.
Badakigu egoera honek ondorioak utziko dituela, eta ari gara zenbait ikusten dagoeneko. Hala, horri aurre egiteko salbuespenezko neurriek zailtasun bereziak eragiten dizkieten zaurgarrienei laguntzeko elkartasun sare bat osatu dugu Eskoriatzako Udaletik. Gizarte Zerbitzuak, dagoeneko, 93 pertsonarekin jarri dira harremanetan laguntzarik behar duten ikusteko, eta egun hauetan, 80 urtetik gorakoei deitzen ari dira, eta, aurrerago, 70 urtetik gorakoei deitzea aurreikusten da. Hala, kontaktuan gaude Gurutze Gorriarekin, Caritas-ekin…
Merkatarien, ostalarien eta autonomoen egoera ere kezkatzekoa da, itxita dituzte ateak, eta ez dakite noiz eta nola irtengo diren zulotik. Etorkizuna ikustea zaila da; beraz, ez dakigu noiz bueltatuko garen normalitatera eta zein ondorio izango dituen. Gure partetik, tasak ordaintzeko epeak luzatzeko eta errazteko erabakia hartu dugu Udaletik.
Egoera honetatik noizbait irtengo gara; ez dakigu nola, ez dakigu normalitatera buelta nolakoa izango den, banaka, binaka edo launaka irten ahal izango garen kalera… eta zein erabaki hartuko dituen Espainiako Gobernuak. Beraz, egunez egun joan behar dugu zer dioten entzuten, beharrezko neurriak hartzen, eta pazientziaz itxaroten. Hala ere, esan beharra dago Eskoriatzako herritarrak ondo ari direla hartutako neurriei erantzuten. Udalean erabaki nagusirik ez dugu hartu aste honetan, nahiz eta badakigun aurrekontuak hankaz gora jarriko ditugula. Gipuzkoako Foru Aldundiko Foru Fondotik datorkigun diru zati bat itzuli beharko dugu, eta, gero, partidak berrikusi beharko ditugu. Baliteke partida bat kendu behar izatea, eta gizarte zerbitzuetara bidali beharra izatea, esaterako,… Hala ere, oraindik ez dakigu zenbat eragingo digun horrek; beraz, ezin dezakegu askoz gehiago esan. Garai zailak datoz, baina gure herritarren ongizateari eta beharrei erantzuteko lanean jarraituko dugu.