Egoera aldakorrari erantzuna emanez

Erabiltzailearen aurpegia Joserra Zubizarreta 2020ko api. 3a, 06:30

Konfinamenduaren hirugarren aste honetan ere Eskoriatzako udal instalazioak itxita ditugu, baina ahal dugun neurrian normaltasunez funtzionatzen ari gara, era telematikoan. Ia udal langile guztiok ari gara lanean, baina bakoitza bere etxetik. 

Horri aurre egiteko eta ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzeko asmoz, harremanetarako komunikazio kanal bereziak prestatu genituen, eta Gizarte Zerbitzuetan egin beharrekoei eta premiazko kontuei eman diegu lehentasuna. Bestalde, kiroldegia, liburutegia, kultura etxea eta horrelako zerbitzuak ez dira ematen, nahiz eta batzuk eskaintza telematikoa ematen ari diren. Jarri ditugun baliabideak ondo ari dira erantzuten herritarrak, eta laster Youtube kanal propio bat martxan jarriko dugu, arlo desberdinetako edukiekin. Horrekin batera, betiko telefonoak martxan ditugu, eta ordutegiak eta zerbitzu bakoitzaren telefono zenbakiak udal webgunean daude ikusgai. Horretaz gain, sistema telematikoa ere ezarri da webgunean.

Lehenengo egunak egoera berriari eta ateratako lege berriei erantzuteko izan ziren. Ordutik, hamaika dekretu ere atera ditugu, egoera aldakor honi erantzuna eman ahal izateko. Ondoren, etengabe, egunez egun egoeraren azterketa egiten ari gara; bai legediaren aldetik, edo herrian sortu daitezkeen premiei begira.

Aste honetan, gainera, batzar informatibo eta bilkura telematikoa martxan jarriko dugu, baina esan beharra dago normalean baino lan zama handiagoarekin gabiltzala, kontuan hartuta Udala hankaz gora jarri dugula. Eskerrak lantalde sendoa dudala; bestela, zoratu egingo nintzateke. Egia esan, eskerrak eman beharrean nago inguruan ditudan hainbat pertsonari, eurei esker etengabeko egoera aldakor honetan lana aurrera ateratzen ari garelako.

Koronabirus kasuei dagokienez, bestalde, Eskoriatzan zazpi pertsona dira positibo eman dutenak, Osakidetzaren azkenengo txostenaren arabera. Proportzioan ez da kopuru altua, baina ez gaitezen lasaitu. Bide horretan jarraitu behar dugu, eta orain arte moduan neurriak zorrotz hartu eta jarraitu behar ditugu.

Honekin batera, udal tasa eta zergen inguruan ere badago kezka bat herritarren artean, eta gure taldean, tasa horiek atzeratzeko proposamena landu dugu. Hala, aste honetan burutuko dugun ogasun batzorde telematikoan, udalbatza osatzen duten beste alderdi politikoekin aztertu eta onartu nahi ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak