Eraikuntza publikoak ixteaz gain, oso garrantzitsua da hiritarren konfinamendua betetzea osasun krisi latz hau gainditzeko, nahiz eta oso gogorra izan. Alarma egoera indarrean sartu aurretik, urgentziako jarraipen mahaia osatu genuen, udal talde guztien ordezkariekin, eta esan beharra daukat guztion jarrera eta laguntza oso baliagarria izan dela. Guztion proposamenak aztertu eta adostu ditugu. Bertan hartu genituen lehen erabakiak: jubilatuen etxea ixtea, eta abar. Geroztik, telematikoki hainbat bilera eta kontaktu izan ditugu, jarraipen egokia egiteko eta informazio partekatzeko asmoz.
Hartutako neurrietan aipatzekoa da Gurutze Gorriarekin eta Caritasekin egindako elkarlana, boluntarioen sarea antolatu ahal izateko. Udal gizarte zerbitzuak koordinaziopean, behar gehien daukaten hiritarrei laguntza emateko prest gaude ordutik. Horrela, profesionalen eskuetan dago sarea, eta segurtasun osoz egiten dute lan boluntarioek. Momentu honetan, bost pertsonak eskatu dute laguntza eta 21 boluntario ditugu. Egoitzako arduradunarekin ere harremanetan gaude, euren beharren berri izateko. Momentuz, eta zorionez, bertan ez dago kasu bat ere eta herri osoan, bi kasu konfirmaturik soilik.
Kale garbiketa zerbitzua ere indartu dugu eta desinfekzio lanekin hasi gara, denda inguruak, batik bat, bertatik jendea ibiltzen baita.
Hartu nahi ditugun hurrengo neurrien artean, alde batetik, udal tasa eta zergaren ordainketa epeak atzeratzea, hiritar zein herriko autonomoek izango dituzten arazoak arintzeko asmoz. Beste alde batetik, kirol ikastaroak eta kultura ekimenak Interneteko plataforma batean garatu nahi ditugu, arazo guztien gainetik herri baikorra garela adierazteko asmoarekin.
Azkenik, oso txalotzekoa da orokorrean eskoriatzarrok izaten ari garen jarrera, aginduak betetzen ditugu eta etxean geratzen ari gara, eta erosketak egiterakoan segurtasun neurriak mantentzen ditugu. Udaltzaingoak ez du zigor espediente bat ere zabaldu; bai, berriz, abisuak eman kasu puntualetan. Gehienbat, txakurrekin denbora asko kalean egoteagatik edota euren etxeetatik oso urrun erosketak egitera joateagatik; hauek gutxiengoak.