Legea argia da: 1982ko legean, 17.3 artikulua: ikastaldia bukatutakoan ikasleek bi hizkuntza ofizialak menperatuko dituzte. Eta 2023ko legean, 67.3 artikulua: B2 maila lortu behar da. Legeak dioena batzuek ez badute betetzen, nor da horren arduraduna? Hartuko dira neurriak legea betetzeko? USaP-ra –selektibitatea– heldu diren ikasle hauek batxilergoan euskara aprobatu dute, baina gero USaP-n zero bat atera badute, batxilergoko notak puztu egin zaizkie? Hori tranpak egitea da, erraztasunak ematea unibertsitate publikoan sartzeko. Arazoak sortzen dituen USaP-ren inguruan, eskola ibilbidea sare publikoan egin dutenek lehentasuna izan beharko lukete unibertsitate publikoan sartzeko. Besteek USaP-ren bidez homologatu beharko lituzkete ikasketak.
Bide batez, alde ederra dago Baxoa euskaraz egiteko borrokan ari diren eta USaP-n zero atera dutenen artean! Batzuek euskaraz bizitzea eta eredu euskalduna hautatu dute; besteek, euskarak ahalik eta presentzia gutxien duen eredua. Biak ere, hautu politikoak.