Uste nuen bezala, hitzalditik atera eta segidan, etxera heltzeko astirik gabe, hitz gutxirekin baina zorrotz hasi zen bera: "Lurra ez da inorena, bizibidea besterik ez da izan behar gizakiontzat". Gaixoa! "Non ote bizi zaren... Negozioak eta kapitalak mugitzen du mundua", nik, horretan geratzeko asmoz, bakean uzteko. Bai, zera! Jarraitu egin zuen: "Antzina, mendi gehiena komunala zen, herriarena, harentzat bizibidea, Bizidun guztiontzat ama". Nik, aspertu samar: "Bai, oso polita; utzi erretzeari, eta itzuli ilargitik. Orain, gizartea bestelakoa da". Zergatik jarraitu ote nion! Amorrua azaltzen hasi zen: "Mendiaren jabetasuna ez da bidezkoa; gehienetan, saltzera herriak behartu zituzten, gizartearena suntsituz; erregeen, estatuen gerrak eta boterea elikatzeko; eta dirudunek erosten zuten". Honetan gogor zetorren. Nik, haserrea azaltzen: "Hori kontu zaharra da, oraingo jabeek ez dakite ezer horretaz; ahaztu, eta utzi nazazu bakean". Alferrik. Tematia: "Nahiko irabazi diote lurrari, nahiko suntsitu dute. Lurra ere herriak berreskuratu behar du, desjabetu egin behar diegu, amak jabetu eta bizia berpizteko, piztiak birsortzeko". "Ixo", nik.
Eskerrak holako txapa niri bakarrik ematen didan, bestela... Tartean, etxera heldu eta telebista piztu nuen, bera isiltzeko. Urkullu han, robot bat bezala. Ez nekien zer zioen, baina a ze bakea eman zidan! Isildu egin zen laguna, bost minutu; afaria prestatzen hasi, eta berera jo zuen berriro. Hala ibili da gaur arte, nik ia loa hartu ezinean. Zergatik azaltzen ote dizuet ergelkeria hau, lagunak, ba, ez dakit ze ostia piztu duen hor goian, baina ezin dut burutik kendu, zalantzan, eta neure buruari galdezka: ea arrazoi puska ote duen gixajoak!
Ezkixo Frenikoa
----------
Jose Antonio Cot Velasco
Antzuola