Bergarako Udalak bertan behera uzten ditu bertako bizilagunak

Erabiltzailearen aurpegia Jose Antonio Altuna 2023ko mar. 12a, 00:00

Gutun ireki honen bidez, gure instituzioak gobernatzen dituzten politikariez nazkatuta nagoela publiko egin nahi dut –Bergarako Udala eta Gipuzkoako Diputazioa–.

Askotan entzuten ditugu honelako esaldiak: "Herritarren zerbitzura gaude, landa-eremua laguntzen dihardugu...".

Bergarako Udalak guztiz baztertua dauka Goimendi auzoa, zerbitzu publiko basiko gabe. Hona hemen adibide batzuk: Goimendi auzoak ez dauka ur-sare publikorik; hau da, ez dauka ur edangarririk. Politikariek auzoan urarekin dagoen arazo horrek osasun arazo larriak sortu izan dituela jakin arren, Udalak eta Diputazioak ez dute ezer egin. Baserrietarako bideei dagokienez, bide publikoak guztiak partxez josita daude eta entitate publikoek behin ere ez dute mantentze-lanik egiten. Auzora ez da banda zabal ultraazkarra iritsi eta Interneterako konexio-bideak oso prekarioak dira. Hala ere, harrigarriena zaborraren afera da. Izan ere, Goimendi auzoan Zabor Industrialen Epeleko planta dagoen arren, bertako bizilagunok ez daukagu zaborra biltzeko zerbitzurik. 

Gure egoera txarraren aurrean Bergarako Udalak ezertxo ere egiten ez duen bitartean, badira inguruko herrietako hainbat udal landa-eremuko bizilagunen bizi-baldintzak hobetzen dihardutenak. Esate baterako, Antzuolako Udalak bertako baserri guztiak ur sare publikora lotzeko lanak egin ditu; Oñatikoak, Arantzazu inguruko baserrietara ur-sare publikoa eramateaz gain, hainbat bide asfaltatu eta konpondu ditu... 

Bitartean, Angiozarko Goimendi auzoa bakartuta eta baldintza txarretan dago. Eta zer egiten du Bergarako Udalak egoera hori hobetzeko? Ezer ere ez. Eta, dirudienez, asmorik ere ez. Aurretik azaldutako honi guztioni soluzioa jartze aldera, espero dut ordezkari munizipal zein foralek beraien agendetan Goimendi auzoari tartetxo bat emango dietela.

----------

Jose Antonio Altuna

Arrasateko alkate ohia

Angiozar (Bergara)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak