Zaindu mendia

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ugarte 2024ko urt. 12a, 00:00

Norvegiako Statkraft enpresak begiak jarri ditu Aramaioko herrian, eta Durakogain-Asensio mendien inguruan zortzi haize-errota erraldoi jaso nahi ditu.

Horretarako, erakundeen eta bailarako enpresa batzuen laguntza du, baina Aramaioko Udala eta herritarren oposizioa ere bai. Ez da gure bailaran agertu zaigun munstro bakarra: AHTaren lanek Bolinburuko arroa erdibitu eta Asensio mendia lur azpitik zeharkatzen dute. Orain, berriz, Asensio mendi gainean beste megaproiektu bat garatu nahi dute. Bizilagun xelebreak: batetik, energia eta CO2 isuri handiak behar dituen tren azkarra; eta, bestetik, nonbait, CO2 isuriak murrizteko zentral eolikoa.

Denok ditugu gure kontraesanak; nik ere bai. Gure bizimoduari eusteko energia handia behar dugu; CO2 kantitate handia isurtzen dugu eta kliman aldaketa bortitzak eragiten ditugu. Arazo honi ganoraz heldu eta aldaketa sakonak behar ditugu. Aitzitik, egoera hau enpresa batzuentzat negozio aukera paregabea da; energia sortu eta saltzen dutenentzako, bereziki. Noski, erakunde publikoen laguntza estimagarriarekin. Hau da, arazoa konpondu beharrean, etekin ekonomikoa atera egoerari.

Dagoeneko 20 urte joan dira Eolicas de Euskadi enpresa publiko-pribatuak Artia mendian (Debagoiena eta Arabako Lautadaren arteko mugan) EAEko lehen zentral eolikoa eraiki zuela. Ondoren, Oiz (Bizkaia) eta Badaia (Araba) etorri ziren. Orduan zabaldu genien energia-enpresei gure mendietako ateak, eta orain ezin itxi. Euskal mendietan eraiki ziren hiru zentral eoliko horiek ez dute konpondu gure energia/isurien arazoa, ezta arindu ere, eta ingurumen arazo berriak sortu dituzte.

Orduko eta oraingo zentral eolikoen helburua ez da ingurumen arazoei aurre egitea –hori aitzakia hutsa da–, baizik eta energia-enpresa batzuen gosea asetzea, eta, bide batez, erakunde eta enpresa batzuen estrategia jasangarriasaltzea. Berdez eta sozialez makillatzen dute euren aurpegia.

Aramaioko Udalak, prozesu baten ondoren, ezetz erantzun dio Durakogain-Asensio zentralari, eta orain, aramaioarrok ere, gure sinadurekin, ezetza esateko aukera dugu. Bila ditzagun, denon artean, gure ingurumen arazoak konpontzeko beste bide batzuk. Zaindu ditzagun gure mendiak.

----------

Jon Ugarte

Aramaio

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak