Futbolitika

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Bizpahirutan izan naiz oinbol estadio handi batean.

Ikusleen jokaera, ezaguna izanagatik, xelebrea egin zitzaidan. Gauza jakina da jende askorengan futbol taldearekiko lotura arrazoien gainetik dagoen atxikimendua dela, berdin du ondo edo gaizki jokatzen duten, jokalariak nongoak edo zelakoak diren… kolore kontu bat da, leialtasun gregario bat, giza izaeran sustrai luzeak dituena. Identitate horrek pertzepzioa aldatzeko indarra du, ez duzu albokoaren gauza bera ikusten, zureei egindako ustezko faltak oihukatzen dituzu… psikologo, soziologo edo antropologo batentzat estadio batean ikuskizuna dena jendearen portaera da.

Aspaldi geunden susmoa hartuta jokaera mota hori politikan ere bizi duela jende askok. Alderdi politikoei edo blokeei diegun atxikimenduak asko du kolore kontutik, leialtasun gregariotik. Pentsatzen dugu politikan analisia egiten dugula, eta egiten dugu, baina hortxe dago koxka: aurretiko leialtasunak baldintzatzen du analisia, futbolean gertatzen den moduan. Hori ote da, funtsean, jende asko bizitza osoan boto politiko berdina ematen jartzen duena, inoiz botoa aldatu barik? Identifikazio kontu gregario bat ote da ia dena? Erantzuna ez dago guztiz argi, baina esan liteke asko dagoela hortik. 

Futbolaren inguruko fenomeno bitxietako bat da muturreko hooliganismoak tarteka eratzen dituen borroka fisikoena: hiri batera joan, probokatu edo probokazioan erori, eta sukar nerabeak biolentziaz hustu. Zaurituak, polizia kargak eta hori dena. Atzean, futbol identitate baten indarra, aitzakia, sukarra, hormonak edo dena batera. Epika fikziozkoa. “Ezer ez, ta festa”, esaten zuten gure zaharrek. Ez da hortik oso aparteko gertaera urrian Bilbon izandakoa, sukar, hormona, aitzakia edo indar horiek politikari lotuta. Txorimalo bat hitz egitera datorrela-eta, kontrako deialdi sutsuak egin, jantzi beltzekin kukurrukua jo, eta istiluak sortu, epika barne-huts baten antzezle. Gure futbolitikaren txinparta bitxiak. Bestela ere, azken urteotan ahots politiko baten gaitasun analitiko eta propositiboaren erakusgarria da, alderantzizko proportzioan, faxismo hitza zenbat aldiz erabiltzen duen.

Oinbolaren arrakastak asko dio gure gizarteaz. Futboletik datoz umeen espresioak, frontoietako jokabide-aldaketak, bertso finaleko olatuak; estadioetan oihukatzen da orain “jo ta ke, irabazi arte!”, eta ikergai polita litzateke partida irabazteko oihukatzen den leloan zenbat geratzen den politikan garaipena lortzeko fantasia hartatik, edo ze lotura dauden bien artean. Erromatar Inperioan ogia eta zirkua behar omen ziren. Jakina da espektakuluaren gizarte pantailatsu honetan zirku nagusietakoa futbola dela. Hutsune espiritual eta identitarioaren lekua betetzen du, nire lagun askorentzat politikak bete izan duen moduan. Bi kasuetan ere elementu para-erlijioso ordezkoak garatzen dira, planoak nahastuz eta gabeziak estaliz.

Bego zirkua, gurea eta globala, herri ertzeko zelai batean, kanpatua nahiz finkoa, tarteka gozatu bat hartzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak