Zatia orokortu

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Hedadura handiegiz aplikatzea esperientzia mugatutik ateratako paradigma bat" akatsa da, eta akats-segida luze baten iturri izan ohi da.

Marilyne Robinson idazle estatubatuarrari irakurri diot. Emakume horren fintasun intelektualak harrituta nauka. Esaldi bakar horrek, adibidez, burura ekarri dizkit adibideak trumilka. 

Freud-ek belaunaldi askotako egileei sinestarazi zien gizonezko guztiok edipo konplexua pasatzen dugula, aita hiltzeko bulkada, amarekiko maitemintzea eta abar. Gaur egun psikologia-ikerlari gehienek uste dute Freudek kasu patologiko batzuetan ustez ikusitakotik ateratako susmoak orokortu egin zituela gizaki guztietara, eta oker handia izan zela hori. Baina oker horrek eragin potoloa izan zuen psikoanalisian eta ezagutzaren hainbat arlotan. 

Marx-ek testu batean esan zuen indar ekonomikoek determinatzen dutela historia, hori dela gizarte baten benetako egitura, eta uler liteke gainerakoak –politika, erlijioa, kultura, egitura juridikoak– nolabait azalekoak zirela. Marxen ideiak aintzat dituzten askok ere esan dute dena indar ekonomikoen tresna izatera mugatzea gehiegizkoa dela, beste dinamika asko estaltzen dituela, “hedadura handiegiz” aplikatu zela marxismoan. Horrek izan duen eragina ere itzela izan da.

Foucault-ek boterea besterik ez zuen ikusten egoera eta harreman guztietan, edo botere kontzeptuarekin interpretatu nahi izan zuen dena. Ezagutza oro ere boterea zela zioen. Botere-entitateek ezagutza maneiatu izan dutela agertzen duten kasuetatik, orokortu zuen ezagutza oro botere-kontu bat dela, beste gauza askorekin bezala. Oro horretan dago gakoa: behaketa partzial bana orokortu egiten dute aipatutako hiru egileek. Foucaulten kasuan, bere botere-teoria da oinarriko abiapuntua gaurko genero-teorian, haren botere-orokorkerian oinarritzen dira egungo teoria feminista nagusituak eta beste hainbat korronte hemen erdigunean daudenak. 

Hiru gizon hauek, ziurrenik, egia-zati batetik abiatuta, behaketa partzialetan oinarritutako “hedadura handiegizko aplikazioak” egin zituzten, haien muga eta obsesio bereziengatik. Hor daude, adibidez, Marxen antropologia ahula, Freudek emakumeekiko zuen gutxiespena, edota Foucaulti egin zizkioten pederastia-salaketak. Hiruren akats partzialek egundoko akats-segida ekarri dute. Baina ez dira hain bereziak horretan: nigan ere sarritan detektatu dut arrisku hori, bai eta ingurukoengan ere. Joera hedatua da norbere esperientzia partzialetik ideia orokorrak sortzea, eskala txikian edo handiagoan, nolabaiteko sasi-teoria edo usteak elaboratzeko. 

“Egiaren arragoa/ beti da zabalagoa” haikuan destilatu nahi izan genuen antidoto bat, beste mila eratara esan litekeena. Ez liguke kalterik egingo egunerokoan. Teoria unibertsal handiak sortu gura izan dituzten askok une egokian antidototik tragoxka hartu izan balute ere, ziurrenik akats pilatxoa aurreztuko genukeen gerora. Baina bereziki, jende mota batentzat jar liteke antidotoa botikan dohainik: teoria horietatik eratorritako ideologiak egia borobiltzat hartu eta -ista oldarkor bihurtzen direnentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak