Distortsioa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Lehengoan gertatu zait.

Banabil presaka dokumentu burokratiko bat betetzen ikasle baten ikerketan laguntzeko, eta txantiloiak eskatzen dit nire lanei beste ikerlariek egindako aipu akademikoen kopurua zehazteko. Nik ideiarik ez, eta ordubete baino lehen entregatu behar. Salbuespen bat egin dut, etsi-etsian: ea arimen artifizialak ematen didan daturen bat agudo. Sartu naiz ba tramankuluan.

Eta esaten dit nik, JSk, lan egiten dudan moduagatik aipu akademikoen kopurua ezin duela atera, baina ea nahi dudan JSk azkenaldian argitaratu dituen lan nagusien zerrenda ematea. Eta nik, tira, baietz, justu ridiculum vitae bat betetzen ari bainaiz ikasle horren eskarian laguntzeko. Eman diot teklari eta, hara, agertu da zerrenda. "Biziaren soka akademikoaz" (2024): Bere azken saiakeretako bat, unibertsitatearen paperari, transmisioari eta euskarazko unibertsitate-kulturari buruzko gogoeta sakona biltzen duena. "Hiztun jendea eta hizkuntza jendea" (2016): Hizkuntzaren eta komunitatearen arteko harremanari buruzko saiakera mugarria euskal soziolinguistikan, globalizazioaren eta bizikidetzaren erronkak aztertzen dituena. ”Euskara unibertsaletik unibertsitariora" (2012): Euskararen normalkuntzari eta goi-mailako hezkuntzan eta pentsamenduan duen txertaketari buruzko gogoetak. "Bakarrizketan" (1998): Gaztetako saiakera eta gogoeta bilduma, bere pentsamendu sozial eta kulturalaren oinarriak finkatu zituena. Doktoretza Tesia: "Lankidetza-izpirituaren egokitzapena kooperatiba-enpresan: Arizmendiarrietaren pentsamendutik abiatutako gogoeta" (2004): Bere doktoretza-tesian kooperatibismoaren erronka modernoak aztertu zituen, geroztik unibertsitateko Lanki ikertegian garatu dituen ildoen oinarri gisa.

Bakar bat ere ez da egiazkoa. Zero bingo. Dena erabat asmatua da, baina zeharo. Politena da sinesgarria dela. Sormena dauka tramankuluak. Aspaldian gabiltza iradokitzen sormena, gaur egungo kulturgileek etengabe erabiltzen duten berba dotorea, nagusiki konbinazioen ariketa besterik ez dela gehienetan gizakiengan ere, berdin bertsotan nahiz musika konposizioan. Eta hara adibidea, makinak ere konbinazioen ariketa egiten du, kasu honetan erabat asmatutako curriculum bat sortzeko. Jon Sarasua balizko bat itxuratu du, distortsio multzo sinesgarri batekin. 

Grazia egin dit, horixe delako beste alde batzuetan gertatu zaidanarekin izan dudan inpresioa. Badira sektoreak eta pertsonak zutaz irudi birtual bat eraikitzen dutenak, eta gero haiek eraiki duten irudi birtual hori kritikatzen ibiltzen direnak. Distortsio bat neurrira sortu, eta gero hari borrokan irabazi. Eta noski, esaten duzu: zeuek sortutako panpina batekin ari zarete, ez du nirekin zerikusi handirik. Halako sentipena sor dezake arimen artifizialak ere, hori berria izan da niretzat.

Ez da akats tipografikoa arimen idaztea. Ez da proposamena ere, momentuko jolasa besterik ez da. Dena dela, kontzeptuak zorrozten eta berben egokitasunari bueltak ematen badugu beharlekua, euskaratik ere bai, hegemoniek ematen dizkiguten nomenklaturak samurregi irentsi barik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak