Zozoak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2026ko uztailaren 13a

Duela urte batzuk, Arantzazun paseoan nenbilela, artean ezagutzen ez nuen fraide frantziskotar xahar batekin topo egin nuen;

90 urtetik gora zituela gogoratzen dut, eta harekin solas gozoan ari nintzela, hura zerura begira jarri zen eta, ezarian, ohar bat oparitu zidan: “Azkenaldian xoxoek asko aberastu ditek haien kantu errepertorioa”. Zeeer? Xoxoek errepertorioa aberastu dutela? Begiak zabal-zabalik ni. Eta azalpena eman zidan, baietz, zozoek imitazio-gaitasun handia dutela, beren txioa egokitzen dutela han eta hemen entzundakora, bilakatzen joaten dela, eta halaxe, azkenaldian errepertorioa asko ugaritu duten ustea duela berak. Txoriei entzuteko denbora hartzen duen pertsona bat. Aditu bat, esango genuke gaur. Asko aditua.

Harrezkero, zozoen kantuari gehixeago erreparatzen diot. Solamente, gure ortua modan dago txorien artean, endemas zozoen kuadrillan. Hori da hori zizareei eta gereziei mokoka egin beharra. Ez dutela bat utziko. Antzemanda nago zozoak ugaritu eta birigarroak urritu egin direla parajeotan. Entzuna nuen kontu hori, eta halaxe da gure baratzean: noiznahi zozo-festa. Mikak omen direla birigarroak kaltetzen dituztenak, haien arrautzetan pikardia eginda. Mikak begitan hartuak ditut hargatik, lehen bele-jendearen artean dotoreenak iruditzen bazitzaizkidan ere. Okerrak ei dira oso. Argia eta okerra bat dira, nonbait, txorien erreinuan. 

Atzo Gatzagan ginen iluntzean, eta hura enara saldoa udaletxearen eta elizaren bueltan. Enarak aipatu nik, eta bertan bizi den atxabaltar gazte batek zehaztu zidan sorbeltzak zirela. Enaren atzekoak, baina ez enara-enarak. Otu zait Gustavo Adolfo Becquerren balkoian habia egiten zuten enara haiek zer ote ziren, gure baserrietan egon ohi diren arruntak ala gehiago kaleetan dabiltzan azpizuriak. Baliteke sorbeltzak izatea ere, eta Becquerrek ez jakitea vencejo jarri behar zuela volverán las oscuras golondrinas idatzi zuenean. Zer diozue? Becquer batek jakingo zuen espezieak bereizten?

Gaur, txoriei buruz idaztea erabaki dut azken orduan. Batez ere, ziurtatzeko ideologia-lobbyren batek edo haren eraginpeko batzorderen batek ez didala artikulua zentsuratuko, ez duela ezabatuko artikulua Internetetik, Xabier Mugarzari egin diotena ikusi ondoren. Izan ere, deformazio profesional bat daukat: gai konplexuei buruz angelu eta iritzi desberdinak kontuan izatea da unibertsitatean lantzen dudan ikasgaiko iparra. Angelu desberdin asko kontuan izan nahia bekatua bada, nire lanbidea ez da egokia artikuluak idazteko, euskal mundu hain kontrolatu honetan. Kontrola, zentsura, boterea. Mozolotzen ari gara. Protesta dagit, lagunok.

Arantzazuko fraide adituari galdetuko nioke zozoen artean baden errepertorioaren zentsurarik, baden haien artean modarik, kontrolatzailerik, batzorderik. Ez dakit jakingo dudan. Hil zen fraide hura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak