Kasuren batean, apurtxo bat nire esku ere egon zen horiek zabaltzea edo ez zabaltzea. Dilema bihurria da: zer egin? Salatu eta zabaldu ala laguntzen saiatu eta diskrezioz jokatu? Ez du erantzun sinplea.
Demagun zure familiako batek, lagun gertuko batek edo lankide estimatu batek sexu-jokaera desegokia izan duela. Edo demagun jakin duzula iraganean hala jokatu zuela. Zer egingo zenuke? Ertz ugari ditu dilema horrek. Jokaeraren tamaina edo gradua, egilearen ondorengo jarrera, biktimaren izaera, ingurunea, inpaktu mota, errehabilitatzeko aukerak, kaltetzen duen erakunde edo taldea eta abar, eta abar. Guztiak kontuan hartuta, galdera bat egin dezakegu, komunikazioaren edo diskrezioaren arteko dilema horretan aurkitzen bagara: nola egingo dut on gehiago eta kalte gutxiago?
Galdera hori moralaren eta etikaren barrunbeetan sartzen da. Errua eta zigorra nola ulertzen ditugun. Barkamenaz eta errehabilitazioaz zer uste dugun. Gizakiaren ulermen sakona non oinarritzen dugun. Horien guztien argitan erantzun beharreko galdera da aurreko paragrafoko azkena. Azkenaldian, biktimen alde jartzea da gure gizarteetako mantra. Biktima kontzeptua garrantzitsu bihurtu da, baina, beharbada, denok biktimismoaren hegalpea gehiegi baliatzeraino. Ideologiek ere mekanismo hori baliatzen dute, beti egin izan duten moduan, baina berrituta: hedabide-sistemaren bidez kolektibo bat biktima izendatzea lortzen bada, bukatu da, azpian dagoen gaiaz ezin da eztabaidatu. Baina galderak horretan dirau, jokaera desegoki baten kasuan: publikoki salatu ala diskrezioz jokatu? Nola egingo dut on gehiago eta kalte gutxiago? Neu ahalik eta kalte gutxien egitearen aldekoa izan naiz, zalantzekin.
Aste honetan irakurri dut sexu-abusuak diskrezioz ezkutatuz Eliza Katolikoak egin izan duen moduan jokatzen duela ezker abertzaleak ere, bere ingurunean kasuak sortu direnean. EH Bildu izan ala beste alderdi bat izan, niretzat, galdera ez da alderdi batek eta Elizak berdin jokatu duten ala ez, baizik eta diskrezioz jokatzea ondo eginda dagoen ala ez. Nire iritzi zalantzaduna agertu dut: konplexutasunaren barruan, kasuak kasu, eta, oro har, diskrezioaren alderago nago. Hori bai, balio ez duena da lehen gotzainei edo beste batzuei estaltzea leporatu eta orain norberak egitea, lehen leporatu izan duzun hori, beharbada, oker leporatu zenuela aitortu barik.
Lehen baino argiago geratzen ari zaiguna da hor dagoela sexu-bulkadaren alde iluna. Sexu-iraultzak ez duela dimentsio iluna ondo integratu eta ideologizazioarekin ezin dela ondo azaldu. Nonahi, nolanahi, temati agertzen da, harritzen eta larritzen gaitu. Itxura guztien arabera, luzaroan jarraituko du titularrak ematen, eta askori dilema etikoak sortzen.