Asteroideiak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2026ko maiatzaren 11

Egungo azelerazio noragabetuak iradokitzen du gazteak gaur egun ezer gutxi duela ikasteko aurrekoengandik

Eta ez, existentziak sakonera baduela uste badugu, gure zuntz psikologikoek, espiritualek eta kulturalek dentsitate bat badutela iruditzen bazaigu, orduan, ibilbide luzeagoa egin duenarengandik badu zer ikasi hasiberriak. Ikasi, hasteko, aurrekoengandik egin beharko dugu. Baina, hara, hain zuzen ere, nire aurreko zaharrek irakatsi zidaten ez nukeela inoiz orokorrean gazteei buruz gaizki hitz egin behar. Eta izango dugula zer ikasia haiengandik ere.

Egungo aroak nartzisismo indibiduala gehiago bultzatzen duela nahiko nabaria da. Gure ni txikia puztu eta haren interesen zerbitzuan bizitzera bultzatzen gaitu ia denak, tradizio espiritualen oharren guztiz alderantzizko aldera. Norbanakoa goratzera jo du gure balio-sistemak. Aipatzen dira selfien pandemia, sare sozialak, likeak eta abar, errealitate psikosozial horren erakusgarri. Esparru klasikoagoak ere badira. Nartzisismo horretarako lurralde emankorra da, adibidez, kulturgintza deitzen dugun hori. Disko bat atera duzu, talde bateko mikrofonoan zaude, sarean bisualizazioak dituzu, liburuak atera dituzu, aktorea zara, zure proposamen estetikoa egin duzu, diseinuak egiten dituzu… nia agertzeko plaza nagusienetakoa da merkatu-kulturgintza, eta gero eta handiagoa eskaintza. Esan izan dugu ni-txoa elikatzeko nitxo erraz xamarra dela euskal merkatu-kulturgintza, adibidez, beste hizkuntzetan baino errazagoa delako apur bat nabarmentzea eta hor egoari apur bat jaten ematea. Kulturgintzan bezala, nitxo edo egoaren mugimenduak ikusten dira akademian ere, autoretzak, aipuak, curriculum puzteak, norbereak ez diren ideiak ukitu bat eginda norbere sinadurarekin ateratzea, argitalpenen lasterketak… askotan ezagutzaren ibilbide egoki baten kaltetan. Horrela arlo asko aipa litezke. 

Eta hilabete honetan argitalpen bat etorri zait eskuetara: Asteroideiak. Zientziazale eta zientzialari gazte euskaldunen ekimena da. Web orria sortu dute, eta paperean ere argitaratu dute liburuki bat. Zientziaren inguruko artikulu konplikatu berrien bilduma da, ikerketaren eta dibulgazioaren tarteko esparruan. Indizea eta taulak ikusita bakarrik, gomendagarria, burua nik baino freskoago dutenentzat. Gustua ematen du euskarak zientzian lortu duen maila ikusteak. Eta honetara nator: argitalpen horretako zientzia dibulgazioko 26 artikuluak, bakarka eginak, indizean izenez bakarrik datoz sinatuta, abizenik gabe. Barrura zoaz, eta han ere izenak bakarrik, abizen barik. Ziurrenik, gehienek arlo jakin horretan euskaraz inoiz egin den artikulurik garatuena egin dute, musu-truk eman dute eta horrela sinatzen dute: Juani, Paul, Ixak, Patxi, Libe. Bigarren paragrafoan esandakoaren antipodetan, gure belaunaldiari zapla. 

Anekdota da, baina “gai horrek badu mamia, baldin ez banago gor”, behin bertsolariak kantatu zuen moduan. Susmoa dut jende horrek aurrekoen onenetik asko xurgatu duela, eta gauza askotan are hobea emateko gai dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak