Hala ere, zentzua aurkitu diot, gutxieneko soldata igotzea onuragarria eta justiziazkoa iruditzen zaidalako gure gizartean, eta hori gure herrian erabaki behar genukeela uste dudalako.
Baditut zalantza ezagunak greben inguruan: zenbateraino diren eraginkorrak, zenbateraino askotan deitzaileen bestelako lehia eta interesak ere nahasten diren, ikasleen greba ugariak zenbateraino diren gehienentzat jai hartzeko modu errazak, zenbateraino beste greba-modu batzuk asmatu beharko genituzkeen, aktiboagoak, eta abar. Lehen greba dokumentatuak Faraoien Egipton agertzen omen dira jadanik, eta 160 urte ingurutik hona legeetan aitortzen joan da aukera interesgarri hori: greba egiteko eskubidea.
Era berean, ezin zalantzan jarri horren ifrentzua: greba ez egiteko eskubidea. Eta hemen hasten zait krak egiten kontua. Barruan krak egiten diguten gauzei arreta jarri behar diegula uste dut. Dendari batek Beldur gabe nator lanera idatzi zuen pintura horiz bere dendaren erakusleihoan. Alferrik, noski, derrigortuta itxi behar izan baitzuen, beste guztiek bezala, eta umiliazio gehiagorekin. Betikoa da, eta gure muturren aurrean gertatzen da: sindikatu eta greba-deitzaileek sistematikoki eta denen aurrean greba ez egiteko eskubidea urratzen diete greba egin nahi ez duten askori. Modu masiboan dendari eta tabernariei. Hori greba arrakastatsua izan dela agertzeko faktorea da, nonbait.
Kamera gelditu eta mikro-egoera hori arretaz barnera dezadan. Dendari autonomo bat, greba egin nahi ez duena, berak jakingo du zein arrazoirengatik, eta aurrean delegatu sindikal bat, ziurrenik berak baino bizi-maila hobea duena, denda ixtera behartzen. Behartzen, mehatxu moduan bortxa posible baten disuasioa erabiliz. Begiak ixten ditut, eta irudikatzen dut dendari horren umiliazioa, inpotentzia. Mikro-faxismoa da. Tira, oso mikroa, esan liteke. Baliteke ni hipersensiblea izatea, baina txikikeria iduri lezakeen hori niri handia iruditzen zait. Oinarrizkoa, eta hurbilekoa: gure okinari, gure fruta-dendari, gure arropa-dendakoari gertatzen zaie. Politika hasten da gune pertsonaletik, gero inguruko horien zirkulura doa, gero zirkulu zabalagora, herrira eta mundura. Zirkulu guztietan, jarrera, estilo eta ekintza jakin guztiekin egiten dugu politika.
Halakoxe xelebreak gara. Etika eder bat jaso dugu herentzian, aspaldiko altxorra, eta fintzen joan beharrekoa. Aldi berean, gurea inposatzeko joera ere jaso dugu herentziaren beste adarren batean, hau ere aspaldikoa. Politika aldarrikatu behar dugula diote orain denek, eta ni erabat ados. Ahaztu barik, betiere, etika dela politikaren altzoa.