Ispilutxo

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2026ko martxoaren 2a

Simone Weil Bigarren Mundu Gerraren garaian hil zen, eta mende haren hasierako pertsona handi askoren artean erraldoia izan zen, hainbat zentzutan.

Hartaz “garaiko espiritu handia” izan zela esan zuen Albert Camusek. Judu jaioa, militante iraultzailea, kristau mistiko bihurtua, gerra egoeraren minagatik jateari uko egin zion emakume pentsalari handia.

Xehetasun bat jakin nuen lehengoan. Bere etengabeko pentsamendu, kezka eta ahulen ondoan egon-nahi horretan, bere arroparen itxuraz ez ei zen batere arduratzen. Edozein modutan janzten ei zen. Ez horrekin mezu edo irudi bat proiektatuz, baizik eta bere itxuraz ezaxolatuz. 

Berez txikia den gai honek badu korapilo polit bat. Gizarte modernoan aske izatea lotzen dugu, jantzien gaian adibidez, nahi duguna janztearekin. Eta janzten duguna, edo gure itxura, berritzaile, desberdin edo haustaile moduan agertu baliteke, are askeago garela komunikatzen ari gara. Beti izan dut susmoa alderantziz ere ba ote den. Andoni Egañak ere esan zidan behin gu baino apur bat gazteagoak ziren eta itxura alternatiboagoz agertzen ziren bertsolariei buruz: “Konturatzen al haiz gure lagun hauek ileak, patillak, belarritakoak eta jantziak zaintzen guk baino askoz denbora gehiago pasatzen dutela ispiluaren aurrean?”. Ez zen zaila guk baino denbora gehiago pasatzea ispiluan. Baina harira noa: kontua da zure itxurarengatik zenbat kezkatzen zaren. Eta zenbateraino zaren libre zure itxura inporta izatetik. 

Bi askatasun mota dira. Lehenengoa merkatu-gizartearen askatasun mota kuttuna da: izan zaitez zuk nahi duzuna, aukeratu, edo aroko kontsigna nagusia, izan zu zeu. Merkatuaren hautu-joko itzela da, hortik elikatzen da kapitalaren makineria, identitatearen marketina, nartzisismoaren barreiatze orokorra, deskontentuaren ingeniaritza eta abar erabiliz. Eta bai, horretan inoiz baino askeagoak gara. Baina bada libre izateko beste geruza bat, sakonagoa. Ustezko askatasuna, beharbada, lotura sofistikatuena ere izan litekeela iradokitzen duena. Beste liga bat da: ispilutik nahiko aske izatea. 

Ispilua ikusi gabe etxetik irtetea gehienetan, edo ilea garbitu barik bost egunez, bikotekideak esaten dizula “atzo mendian erabilitako txandal zaharrarekin zoaz kalera?”, eta zapata zulatuekin gobernukoekin bilerara joan eta ez galdetzea zer pentsatuko duten. Norbere gorputzaren itxurari buruzko esku-hartze berariazkoetan, piercing, tatuaje, makillaje eta abarretan hutsera hurbiltzea. Baina ez berariaz txarto janztea ere, mezu edo irudi bat emateko. Ez: beste barik, horretara ez egotea. Edozerekin konformatzea. Funtsean, itxuraren axola gutxirekin ibiltzea, hostoa udazkenean ibiltzen den moduan. Edo horretara hurbiltzea, behintzat. Beste gauza batzuetara egotea.

Hala irudikatzen dut Weil, bestelako edertasunaren eta askatasunaren artean dantzan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak