'Kuadrilla reset'

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2026ko otsailaren 2a

Atzerrian lagun artean zabiltzanean ohartzen zara euskal herrietako kuadrillismoa ez dela ohikoa.

Demagun, Brasilgo giro mugitu edo militanteetan: lagun batzuekin zaude, gero haiek beste lagun berri batzuen etxera doaz lehen aldiz, eta ustekabean jende berriarekin gurutzatzen zara… bada joera dibertsifikatzeko, konexioak bilatzeko, adiskidetasun berriak sarritan esploratzeko, txakurrak han ere oinutsik badabiltza ere.

Gure arteko kuadrillismoa, beste gauza asko bezala, anbibalentea izango da. Anbibalentziak dio gauza batzuetan salbatzen zaituenak hondatu ere egiten zaituela, ardoak bezala, amodioak bezala, teknologiak bezala. Babesten zaituenak mugatu egin zaitzake, goxatzen zaituenak irekitasuna kendu, alaitzen zaituenak arriskuak hartzea saihestu, kokatzen zaituenak aberastasun potentziala mehetu. Neurrian dago kontua, grekoek bazekiten. Hizkera soziologikoan, kuadrilla erakunde soziala da, bitxi xamarra, eta eztabaida interesgarriak egin litezke eraketa hori apurtzeari, aldatzeari edo kontserbatzeari buruz. Kontserbadurismo politiko ingelesaren maxima gakoa honako hau da: gizarteko edozein eraketak funtzionatzen badu, zerbaitegatik da, zaindu dezagun; printzipioz, funtzionatzen duena zaindu. Kuadrillen sistema hautsi edo eutsi hautatzerakoan, eraldatzaileak ala kontserbadoreak izan beharko genuke? Bigarrenetik jotzen du gure gizarteak gai honetan, eta ez du zertan txarra izan. Dena dela, kuadrillei eutsi behar zaien edo adiskidetasun-modu eraketagabetua sustatu behar den ez dut hemen auzitara ekarri nahi. 

Bestelako proposamen bat daukat eskualdeko kuadrillentzat. Urtean egun bat hartzea eta kuadrilla reset eguna izendatzea. Demagun: "Gure kuadrillan iraileko bigarren domekan egingo dugu kuadrilla reset eguna". Egun horretan, urtero, kuadrillakoek gai bati buruz egingo dute berba: datorren urterako kuadrillaren osaketa berarekin jarraituko dugu? Planteatu dezakegu pertsona jakin batzuk inguratzea? Badugu aldatu beharreko dinamikarik pertsonei dagokienez? Badago norbait hurbiltzea eskertuko lukeena? Beharbada trebezia sozial gutxiago dituelako apur bat bakarrik geratu den hori? Neurodibergentziaren bat duen gure adineko bat? Bullying puntu bat jasota gaztetxotan urrundu zen hura? Herrira bizitzera beranduago etorritako bat? Edota birplanteatu behar dugu hainbesteko tamainako taldean ibiltzea? Eta neska-mutilen arteko zerbait sortuko bagenu? Galderak asko izan daitezke taldearen arabera. Baliteke urtero aldaketarik ez egitea egun horretan, baina susmoa dut galderak urtean behin egitea ez dagokeela sobran. 

Hegazkinean ari naiz berba hauek idazten. Beharbada horrelako gauzak planteatzea eragin dit hodeien gainetik euskal herriak txiki ikusteak eta, bestetik, beste lurralde batzuetan adiskidetasun-dinamika desberdinak bizitzeak. “Adiskidetasuna konpainia-animalia da, ez artaldeko animalia” esan zuen Plutarkok. Ez dira gauza ber-bera adiskidetasuna eta komunitatea. Komunitatea ere behar dugu, bai. Reset hitzak esan nahi du berriro kokatzea, berriro lekua hartzea, edo lekua uztea, espazioak berriro pentsatzea. Tramankuluekin egiten badugu, pertsonen lekuarekin egitea txarra ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak