Blakenagel

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2025eko abenduaren 19a

Gerran ibili ziren hegazkin alemaniarretako bat Zarimutzen jausi zen 1937an, eta bertan hil zen Wilhelm Blakenagel pilotu alemaniar gaztea.

Haren familiakoek oroitarri xumea jarri zioten jausitako lekuan, eta loreak ekartzen zizkioten tarteka. Jasan taldeak Aingeru beltza kanta egin zion gertakari hari, eta oroitarri hura semeari erakustera joan nintzen duela hiruzpalau urte. Banekien goroldiotan jausita zegoen oroitarria berriro altxatu zutela auzolanean urte batzuk lehenago. Baina oroitarria falta. Auzoko batek esan zigun: "Gero kendu ein juen, memorixia dala-edo…". Kontxo, pentsatu nuen, uste nuen gauzei eustea zela memoria.

Hurrerago gure artean ETAren aroan izan diren hilketa, tortura eta sufrimenduen garaia igaro dugu. Min horiek apur bat osatzeko, elkarri entzuteko, ulertzeko, bestearen egiari lekua emateko, bi aldeetan eragindako sufrimenduak aitortzeko eta abarretarako ahalegin handia egin behar dela esaten ari dira. Baina ez dakit oso urrun joango garen elkarrekiko aitortzan eta bake-kulturan. Nola izango gara gai gertuan dugun mina eskuzabaltasunez eta ulermenez besarkatzeko, duela ia mende bateko gerrari ere zabaltasun minimo batekin begiratzeko gai ez bagara?

Sintoma txarrak darabiltzagu. Memoria historikoa deitzen zaio aspaldiko bando bateko –txarren bandoko– gauzak salatzeari, oroigarriak eraisteari, oroimena ezabatzeari, eta beste bandoko –onen bandoko– gauzak goratzeari. Oraindik prentsaurrekoak eta albiste titularrak biltzen ditu gaiak. Ni onen oinordekoa naiz, ez naiz neutroa, baina historiografia apur bat arakatu ahala zoaz ohartzen betikoaz: bi aldeetan egin zirela krimenak, bereziki nazionalen eta errepublikano ezkertiarren aldetik. Estatistikek diote gudu-etika humanistena euskaldun-fededunek eduki zutela, baina indar gehienek gerra-krimenak ugari egin zituztela. Aretxabaletan, gerrako biktimen zerrendan, gudu-zelaitik kanpo kontzientzia osoz eraildakoak bi epigrafetan agertzen dira: errepublikano ezkertiarren indarkeriak hildako zibilak, 8; indarkeria frankistak fusilatutakoak, 12. Zenbakien atzean, istorio pertsonalak, aretxabaletar arruntak, errepublikano edo jeltzaleak, sindikalistak edo, adibidez, bi baserritar gazte fraide-ikasle zirelako ezkertiarrek erailak. Aparte, noski, bi aldeetan batailan hildakoak. Ez da ahaztu behar gerra batzuek irabazi zutela, eta konparazio edo parekatzeak arriskutsuak direla. Garai hartan, gerrez kanpo ere, astinaldi ideologikoa izan zuen munduak, eskuin eta ezker milioika zibil sarraskitu zituena. 

Xabier Letek zioen bere aitak ironia errukitsuz begiratzen ziela gerrako irabazleei, ez erresuminez. Orain, aldiz, asko ari dira memoria aipatzen, benetako gerra-mina bizi izan barik, irudikatutako erresumin politikoz, etika dikotomiko eta epika hidroponiko batekin, historiaren irakasgaietatik gutxi barneratuta.

Ikasi nahi badugu, gerraren inguruko belaunaldi hartan bertan badugu altxor gorde bat. Norbaitek arakatu gura du? •

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak