Bost anaia zaharrenak ilaran. Azken prestatzen zenak ur hotzagoa eta uherragoa izaten zuen. Egun horretan aldatzen genituen asteko galtzontziloak. Gehienetan azken ur uherrarekin geratzen zen horrek pentsatu izan du 70eko hamarkadako familia ugari bateko garbiketa-parametroak nahiko egokiak direla, eta geroztik ez ditu asko aldatu. Astean behin dutxatzen, barruko arropak hor nonbait aldatzen eta haginak astean behin-edo garbitzen jarraitu du mende erdi batean. Uda osoan apenas ukitzen duen xaboirik bere azalak, itsasoko urak gazitzen dionez.
"Ikusten? Susmatzen nuen nik..." harrotu izan da, ikerketaren bat argitaratzen denean sarriegi garbitzeak sor ditzakeen alergia edo arazoez. Auskalo zer duten egiatik, baina ez dut uste horiek asko eragiten diotenik bere hautuan, baliteke denbora-aurrezte kontu bat izatea funtsean. Dena delakoagatik, parametro higieniko jakin batzuk mamitu ditu. Bere arbaso paleolitiko, neolitiko, erdi aroko eta hurreko amandre baserritar guztiak baino askoz gehiago garbitzen da, eta bere garaikide ia guztiak baino askoz gutxiago. Tartean kokatu ditu bere parametroak, egoki iruditu zaion puntuan. Eta adierazgarria iruditzen zaio patroi higieniko hegemoniko berberak formal-formal jarraitzea ordenekoek, iraultzaile ustekoek, erdikoek, muturrekoek, undergroundek, exekutiboek eta rockeroek.
Beste higiene-mota batera pasatuta, ezagutzen dut nire adin inguruko mutiko bat higiene teknologikoa praktikatzen duena. Autoan ez du nabigatzailerik erabiltzen: orientazioz, oroimenez, mapez eta ingurukoei galdetuz moldatzen da. Gauza bera egiten du mendian edo hirietan dabilenean: senez orientatu eta galdetu. Ez du smartphonerik: Internetera sartzeko ordenagailura joaten da, erabaki baitzuen sarea gainean ez duela eramango. Ez du Whatsappik ez sare telematikorik, bere sareak sozialak dira, begi eta berbazkoak. Saltsa askotan sartuta dago, eta bizitza normal xamarra egiten du. Honek ere, aurreko kasuak bezala, bere arbaso paleolitiko, neolitiko, erdi aroko eta hurreko guztiek baino askoz teknologia gehiago erabiltzen du, eta, aldi berean, bere garaikideek baino askoz gutxiago. Bere neurria bilatu du, egoki iruditu zaion puntuan.
Baliteke biak pertsona bera izatea. Eta baliteke anekdotikoa izatea bere garbitze-neurriaren gaia. Bigarren higienearena, aldiz, baliteke anekdotikoa baino zerbait gehiago izatea. Gailu telematikoen gaiaz harago, infoteknologiak eta bioteknologiak dakarten inpaktu sorta esponentziala gerta dakiguke. Gizateria osoarentzat datozen hamarraldi eta mendeetako gako politiko nagusietakoa izan liteke. Eta baliteke gako pertsonal bat ere izatea: higiene teknologikoa. Hasi besterik ez gara egin gaiaren tamaina usaintzen.