Sexua

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2025ko urr. 17a, 00:00

Kentler psikiatra alemaniarrak zioen bere herria faxismoan ez erortzeko "sexu-energiaren fluxu librea" bultzatu behar zela.

Uste hori haurrei ere aplikatu zien, eta egin zuen kaltea jakin zelarik, orain espetxean egongo litzateke hila ez balego. "Sexu energia liberatu" eta horren antzeko ideiekin ehunka korronte, talde, sekta eta esperimentu gertatu dira munduan azken hamarraldietan.

Aro honetan, gainera, bi faktore potologatik dago sexu-gaia puntaren puntan. Batetik, zenbait analisiren arabera, sistemaren eliteari azken 40 urteotan interesatu zaio ideologiak sexu-gaietara bideratzea. Operazio erraz samarra: sexuak gugan duen indarrarekin, erraza da horri buruzko ideologia-lehiak, fanatizazioak, gatazkak eta eraldaketak bultzatzea. Tresnak ditu eliteak horretarako: industria kulturala, industria mediatikoa eta politikagintza mugitzen ditu, zuzen edo zeharka. Bestetik, dirudienez, sistemari une honetan interesatzen zaio gizartea deseraikitzea, lotura komunitarioak, tradizionalak, familiarrak, kulturalak desegiten joatea, dena norbanako deseatzaileen unitate minimoraino ekarriz. Eta gizarte-deseraikitze horretarako sexuaren inguruko eskemak ere apurtzea gakoetako bat da. Zenbat eta ideologia apurtzaileagoa, hobeto, sexuaren arloan. Botere erraldoien benetako egiturek berdin jarrai dezaten, azelerazioan pilaketarako baldintza berriak sortzen. Kritika honek seinalatzen duen jokaldia marea erraldoi bat da, baina ez duzu ikusten barruan bazaude. Eta barruan gaude. Indar globalek telegidatuta goaz honetan, apurtzaileak garelakoan. Badu grazia puntu bat. 

Berduintasunean eta askapenean hazi egin behar dugu oraindik. Baina, ai, sexua. Sexua. Atzo argitaratu zen estatuan gazteen %30ek sexu-erasoak izan dituela haurtzaro edo gaztaroan. Milaka urtetan kontinente guztietako kulturak ohartu izan dira honetaz: sexua indar paradoxikoa dela. Gozamen-habia eta perbertsio-iturri. Edertasun-arlo eta horrore-bide. Eta hori ez dela, gure betiko mantra nerabeak dioen moduan, "gizartearen errua": gizakiaren baitan daudela biak, hasieratik, barruan eta batera. Eta hori kudeatzea, gure baitako animalia eder eta ikaragarri hori kudeatzea, oso konplexua dela kultura batean. Espiritualitate eta jakinduria-tradizio luze sakon guztiek jakin dute nolabait. 

Hipermodernitateko ideologiek, tamalez, egitate hori ez dute ondo harrapatzen. Halako zerbait esan du Slavoj Zizek pentsalariak ere berriki. Izan ere, mendebaldeko interes telegidatuek zabaltzen dituzten askapen-ideologiak, sakonean, nahiko ideologia nerabeak dira. Askapenaren exaltazio nerabeak, goxoki ideologiko itsaskorrak. Oinarri bat falta zaie: garen animaliatik abiatzea. Gizaberearen konplexutasunaz apalki ikastea. Garen izaki kultural, sozial eta espiritual paradoxiko honen oinarrian, eta lehenik, abere gara, gizabere. Erantzi ideologiak, lagunok. Hasi tximinoa ulertzen saiatzetik. Eta poliki-poliki, goazen espiralean gorantz galderak egiten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak