Txapela kenduta

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar 2025ko ira. 19a, 00:00

Badoakigu belaunaldi bat, gauza askotan txapela kentzeko modukoa.

Urtebetean hainbat pertsona miresgarri galdu ditugu herrian. Eta ahal izan dudanetan horixe egin dut: txapela kendu eta tenpluan sartu, azken agurra isilean eta kantuan ematera.

Balio handia du, niretzat, herriko andere edo gizon bat herriko multzo zabal batek agurtzeak, ospakizun sinboliko baten bidez. Utz dezadan orain albo batera beste gai hori: erdigune espirituala duten ospakizunak, alde batetik, eta ikuspegi agnostiko-ateoan egin litezkeen ospakizunak, beste aldetik. Biak izan litezke egokiak eta ederrak. Gai hori utzita, esan dezagun Aretxabaletan badela hildakoak agurtzera biltzeko komunitate-sen hori, gehienetan eliza harturik etxe. Eta hor badu garrantzia ospakizunen kalitatea zaintzeak, ekitaldiaren maila filosofiko eta espiritualaz gain, maila sentimental eta estetikoa izateak, isiltasunekin, errituekin, musikarekin eta kantuekin. Hori da kultura, kulturaren une gorenetako bat: herri bat bere hildakoa agurtzen –kultura kontsumitu egiten dela diote orain askok, eta hori beste gai luze bat da, ez nadin orain horretan sartu–.

Herritarrak hildakoa agurtzen ari direnean, Aretxabaletako elizan, ospakizunaren osagai erritual, espiritual eta gogoetazkoaz gain, bada osagai bat ederra: abesbatzak ematen dituen kantuak. Askorentzat, hiletaren zentzu espirituala, edo oroipen pertsonala, samina edota esker ona norbere baitan biltzeko unea izaten da kantuen momentu hori, gainerakoaren osagarri. Aretxabaletako abesbatzakoek zerbitzu aparta egiten dute horretan, maila handikoa. Urteak joan eta urteak etorri, ehunka hiletatan kantatzea beharlekua da, lana da, konpromisoa eskatzen du. Konpromiso horri egunerokoan eusten diote herriko abesbatzakoek. Dozenaka teoria egiten ditugu gizarteaz, herri-identitateaz, konpromisoaz, komunitateaz, kulturgintzaz edo herrigintzaz. Hor dago adibide bat, bere mugatuan, kontzeptu horiek errealitatean mamitzen dituena. Non, eta elizan. Zer, eta abesbatza. Eta hortxe dugu emaitza, gertaera: herriko hiletan kalitatezko kultura, arrunta, ez-egoikoa eta maila handikoa. 

Hori eskertzeko bulkada izan dut. Zerbitzu oso berezia egiten du gizon-emakume talde horrek. Kultura ekoizten dute, zerbitzu moduan, ehunka urtetako iturri kulturalak, musikalak, espiritualak eta bokalak dituen emaitza eskaintzen dute, kalitatez eta eskuzabaltasunez. Mesede postumoa egiten dio haien kantuak hil denari, mesedea –batzuetan, seguruenik, intimoa eta sakona– familiari, lagunei, edo beste barik herritarra agurtzera elizan sartu denari. Niri, hildako herritarraren oroimenez txapela kentzen laguntzen didate. Eta horixe egiten dut abesbatzako herrigileon aurrean ere: txapela kendu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak