Sustraiak by-pass

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Lau emakume maiak eta nik gaur bost ordu egin behar ditugu autoan, Mayabeko bi herriren arteko joan-etorrian.

Haiek maiaz ari dira isildu barik, eta hemen noa, munduko baztertu aitortuak –laurak indigenak, pobreak eta emakumeak– ei direnen aldetik autoan baztertuta. Hizketan hasten banaiz, adiskide maien jarioa moztuko dut. Zereginezean nagoenez, pentsatu dut hauxe dela unea autoan artikulua idazteko.

Badut hari-muturtxo bat. Lehentxoago, bileran, zera esan du maia batek: "Gure sustraiak biak dira, aspaldiko sustraiak eta gertuko sustraiak. Duela 500 urteko maia haienak, bai, baina gertuago gure guraso eta aitona-amonenak ere bai. Biak zaindu behar ditugu". Gaurko gure lagun maia militante hauen gurasoak nekazariak dira, herri txikietakoak, kristauak, komunitarioak. Aspaldiko maiei buruz, aldiz, antropologoek esandakoak dakizkite, zibilizazio handi baten parte zirela, hierarkikoak, gauza batzuetan jakintsuak, erlijio konplexudunak, batzuen arabera giza sakrifizio batzuk ere egiten zituztenak, eta abar. Nondik ikasi eta zer zaindu nahi dute egungo maia modernotu hauek? Aitajaun-amandre nekazarien jakinduria, ala aspaldiko maia mitikoena? Biak, dio lagun maiak.

Eta ni euskaldunengan pentsatzen. Ene, euskaldun progresista modernook. Sustrai hurbilak baztertzen dituenak antzinakoak maitatzeak badu zerbait, nola esan, susmagarria. Zerikusia du bolada ideologikoekin. Egia esan behar bada, gero eta argiago dakigu gure ustezko euskal sustraietan asko dagoela idealizatua eta erdi-asmatua, ikastolen belaunaldietan egindako konstrukto bat dagoela martxan. Olentzero, sorginak, isolamendua, erlijio jatorra, mitologiaz dugun irudia, ama lurra... horietatik ia ezer ez da benetakoa historiografia serio batetik. Duela gutxi eraiki dugu hor ia dena. Ai ama: idatzi dut. Hori isilpean gordetzea hobe zen?

Azken ikerketen ezagutzan sakondu ahala, eraiki dugun irudi mitikoa baino herri arruntagoa, konplexuagoa eta interesgarriagoa gara erro zaharretan. Gero, hartatik sintetizatuta, ez daukagu urrin amandreen belaunaldiraino iritsitako jokabide kultural, etiko eta espirituala, Barandiaranek gizabidea deitzen zuena. Baina haustura baten ondorengo belaunaldia gara. "Herri apurtua" gara, Joxe Azurmendik dioen moduan. Apurtua barrutik ere, gure gertuko sustraietatik. Gauza jakina da sustraiek egitura dutela: hurrean lodiak, urrinera meheagoak. Gertukoa moztu duenak, urrinekoa berrasmatu dezake, by-pass ideologikoa egin, baina baliteke belaunaldi gutxi irautea.

Eta holaxe, sustrai-kontuak, zuhaitz tropikalak pasatzen ikusiz. Lau lagun maiak barrez, eta ni euskaraz idazten ordenagailua altzoan hartuta. Bizi gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak