Hirutik bat

Erabiltzailearen aurpegia Jon Sarasua Maritxalar

Berba ederra da ba anabasa.

Zatarra dena da seinalatzen duen kaosa, gehiegia. Anabasa horietako bat daukat nik etxeko ganbara eta geletako apaletan. Karpetak, paperak, liburuak, prentsa-artikuluak, berriro karpetak, eta karpeten barruan, igual, karpetak. Dozenaka arlo, eta ehunka gai. Noizbait, ni joan eta gero, norbait kasualitatez nire materialak ordenatzen hasiko balitz, laster joko luke sindromeren batek kokotean; diogenes, burnout, apraxia edo horietakoren batek.

Kaosean murgiltzeko joera da anabasa horren azalpena. Baina bada beste arrazoi bat pilaketa hori eragin duena: munduan gertatzen denari buruz pentsatzeko pista eta angelu desberdinak bilatu nahia. Deformazio profesionala ere bada, azken hamarkadetan lan hori izan baitut, munduaren norabidea ulertzen laguntzeko ikasgai baten ardura egokitu zaidanez. Hor ibili naiz 27 urtetan bazterretan gauzak irakurtzen, jendearekin egoten, artikuluen mozketak egiten, liburuak azpimarratzen, haien kontrakoen argudioak karpetan sartzen... Helburua, angelu gehiago bilatzea, eta angelu bakoitzean ikuspegi desberdin gehiago.

Hori mutur bat da, ados, gehiegizkoa beharbada. Susmoa dut beste muturra dela egungo arazoa: gure ideiak konfirmatzen dituzten iturrietatik edaten dugu, gure prentsa, gure zirkuluak, Interneteko gure hornitzaileak. Algoritmoek ere gure ideiak ezagutzen dituzte, eta hortik ematen digute bazka digitala. Mundu osoan gertatzen da, baina euskal munduan sintoma bereziki kezkagarriak daude: mendebaldeko moda ideologiko guztien gidoia jarraitzen du gaur egun euskal jendeak, nahiko telegidatuta. Irtenbide zaila dauka, baina formulatxo bat gomendatzen hasi naiz lagun batzuei: hirutik bat formula. Hasteko, irakurri patxadaz. Liburuak, txostenak, elkarrizketa sakonak, dokumental landuak. Baina hirutik bat izan dadila zure iritziaren kontra dagoen angelukoa. Artaldean pentsatzen dugu. Baina oso gauza onak eta arrazoi potenteak daude zure kontrako angeluan. Zure ideologia-mundutik kanpo munduak daude, pentsamendu galaxiak daude. Beharbada, zorte apur batez, artaldetik tarteka irteteko heldulekuren bat sortuko zaizu, artalde hori edozein dela ere.

Horixe da formula: politikaz, klimaz, migrazioez, ekonomiaz, feminismoaz, teknologiaz, erlijioaz, geopolitikaz edo hezkuntzaz dituzun iritziak direnak direla, horretaz irakurtzen duzun material landuaren hirutik bat izan dadila uste duzunaren kontrako iritzikoa, guztiz bestelakoa eta ona. 

Despistatu zure algoritmo ideologikoa. Egiaren arragoa beti da zabalagoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak