Hain maila baxura jaisteak lotsa eta higuina ematen du.
Dena den, Asierrek idatzi eta medio honek argitaratutako artikuluaren harira, adierazpen askatasunaren mugei buruzko debatea taularatu nahi nuke.
Ez dut uste adierazpen askatasunak iraintzeko eskubidea berekin dakarrenik; ezin ditugu iritziak laidoekin parekatu. Giza duintasunari zor zaion begirunearen oinarrian dago bakoitzak bere ideia eta iritziak publikoki adierazteko eta arrazoitzeko eskubidea. Baina iraintzeko eskubiderik ez dago.
Noski, iraintzea argudioak arrazoitzea baino samurragoa da. Arrazoiketak ahalegina eskatzen baitu, eta nagikeria intelektuala astindu beharrik ez dago irain merke batzuk oihuka egozteko.
Irainek, ordea, ezberdin pentsatzen dugunon arteko elkarrizketa aberasgarria eta bizikidetza oztopatzen dute. Eta, hain zuzen, herri honek horrexen premia larria du: ezberdinen arteko bizikidetza baketsua sustatzearen premia.
Horregatik deritzot erantzukizun falta handia dela inongo arrazoiketarik gabeko irain piloa besterik ez den idazkia argitaratzea.
----------
Jon Molina Bengoa
Bergara