Gabonak pasa berri ditugu, kontsumismoaren puntu gorena; hilabeteak abundantziazko egun horiek itxaroten. Alde guztietatik mezuak: erosi, kontsumitu, gastatu, oparitu… etengabeko bonbardaketa bat, burugabe kontsumitzen eta gastatzen. Benetan behar ditugun gauzetan?
Kontsumismoaren garaian bizi gara. Urtean zehar nahikoa kontsumitzen dugu; aukeran, gehiegi, esango nuke. Eta Gabonetan batez besteko hori zeruetara igotzen da. Horretara bultzatzen gaituzte eta guk amen-amen egiten diegu mezu guztiei. Baina horrekin nahikoa ez, eta ekonomikoki gogorra omen den hilabetean, urtarrilean, merkealdiak jartzen dituzte, Gabonetan zehar gutxi erosi dugunontzat aukera berri bat, edota, Gabonetan gutxi erosi ez arren, kontsumitzen jarraitzeko aitzakia bat. Behar ez ditugun arropak, teknologia berriak, jostailuak…
Beti ere beraien interesetara gerturatzen gaituzte, gure inozentzia beraien onurarako erabiltzen dute. Orokorrean ohartzen ez garen arren, gure eskuetan baitago beraien boterea, eta hori kudeatzen badakite.
Ardia omen da animaliarik mozoloena, batek zerbait egin eta besteak atzetik joaten direlako. Baina, azken finean, ez ote gara artzain boteredunen artalde xume eta mozolo bat...