Batzuk protagonista eta beste batzuk antagonista. Herriko antolakuntzan, herrigintzan, lan asko dago egiteko, lan asko egiten da. Lar kritikatzen da. Gauzak ez dira bakarrik antolatzen, ez dute bakarrik aurrera egiten. Inplikazioa eskatzen dute, borondatea, gogoa. Komunitate, auzo, herri osoaren konpromisoa litzake idealena. Baina zoritxarrez ezin horrelakorik eskatu.
Guztiz askeak gara nahi duguna egiteko edo ez egiteko, herriaren hobe beharrez lana egin beharrean tabernan geratzeko, baina ez dezagun orduan besteen lana zapuztu, besteak kritikatu. Herrigintzan jarduteak ez du esan nahi besteen oniritzia nahi dugunik, edota besteen errekonozimendurik behar dugunik. Herrigintzan jardutea zure inguruarekiko maitasuna eta inplikazioa da, zuk maite eta miresten dituzun toki zein pertsonen ongizaterako lanean jardutea, zure asmo on guztiekin, zure gogo guztiarekin, horretan sinesten duzulako eta benetan aberatsa delako.
Argi dago horretan gabiltzanok ezin dugula beti asmatu, saiatu arren. Horregatik idatzi hau, zorionez baditugulako gure iritziak eta asmoak azalarazteko tokiak, norbanako moduan herrian eragiteko, parte hartzeko. Zabaldu dezagun ahoa bai, iritzia emateko, eraikitzeko. Ez gure asperraldia besteei pasatzeko.