Baina Hertzainak entzuten joan zait beldurra: Neska horrek seguraski nahi dik bildurrik gabe hik hori esatea, neska horrek seguraski ere desio berdinak bete nahian zebilek, ia ba, esaiok… Neurri txikian bada ere, beldurra ematen dit idazteak, beldurra, irakurtzean, besteek pentsatuko dutenak. Baina zertarako beldurra izan?
Beldurrez bizi gara, gauzak egiteko beldurra dugu, nahi duguna egiteko, esateko, izateko. Ez gara ausartzen galtzearen beldurragatik, baina ez gara ohartzen ez dugula ezer galtzeko, eta, azkenean, beldurra alde batera uzten dugunean, konturatzen gara merezi izan duela ausardia puntu horrek, beldurra ez izateak gauza zoragarriak ekarri dizkigula, askatu dituzula barruko korapiloak, eta azkenean arnasa hartu eta gozatu egin duzula. Beraz, galdetu hau zure buruari: "Beldurrik izango ez banu? Zer egiteko kapaz izango nintzake? Noraino helduko nintzateke? Konturatu gaitezen bizitzako zenbat momentutan botatzen gaituen atzera beldurrak, edo ez digun aurrera egiten uzten. Garik maitasunari erreferentzia egiten dio, baina ez gara horretara mugatuko, amodioan, lanean, lagun artean, bizitza pertsonalean, egunerokotasunean… beraz, Gariri entzun eta... ia ba, esaiok, ez pentsa gehio, esaiok.