Izan ere, teatro hitza euskaratuta antzerkia dela diote, baina hitz hori antzerakotik omen dator, eta antzerkia edo teatroa ez da antzerako zerbait, benetakoa den zerbait baizik.
Teatroa, antzerkia, kultura… zerbait berezia da, errealitatetik irteteko bide bat, edo errealitatearen isla, mugitu gabe egin daitekeen bidaia zoragarri bat, gure irudimenari hegoak emateko zerbait. Gure artean hainbat aukera ditugu bidaia horiek egiteko, baina benetan eskura jartzen dizkigute aukera horiek? Norberak aztertu dezala. Baina, eskura izanda edo izan gabe, ez dugu behar bezala aprobetxatzen. Ez dakigu baloratzen, edo ez digute erakutsi.
15.000 biztanle inguruko herri baten 120 pertsonarendako ikuskizun areto bat edukitzea ez omen da nahikoa, inguruko antzoki, auditorio handiena behar dute, baina 120 eserleku ia sekula betetzen ez badira, antzoki erraldoia egitea zilegi da?
Berdin du antzezleak ezagunak edo ezezagunak izatea, ez dago ohiturarik, garestia delako, ezjakintasuna egon delako, edo auskalo zer aitzaki, gauza da ingurua artistaz beterik dugula, guztiok garela artistak, beraz, izan gaitezen artistak!