Debagoieneko eskola publikoak ozen adierazi du Hezkuntza Sistema propio baten alde eragiteko garaia dela

EAEko eskola publikoko langileok hauteskunde sindikaletan gure ordezkariak hautatzeko aukera izan genuen martxoaren 30ean.

Haur eskoletako, eskoletako, Lanbide Heziketako, institutuetako eta EHUko langileak izan ginen bozkatzera deituak, eta, EAEn bezala, Debagoienean ere LAB izan da ordezkaritza handiena lortu duen sindikatua.

Pozez eta arduraz jaso dugu langileen esana. Debagoieneko hezkuntzako langileek ozen aldarrikatu dugu Hezkuntza Sistema birsortu behar dugula, edo, Bergaran esango luketen bezala, badela garaia loreontzia berreraikitzeko. Horretarako, ezinbestean begiratu behar dugu atzera, akatsetatik ikasi eta ondo eginetan berresteko. 

LABetik berresten dugu hezkuntza ez dela lau hormaren artean mugatzen den ariketa isolatua. Hezkuntzak ere izan behar duela greban dauden Gaes-eko langileekin burutzen den elkartasun ariketa, izan behar dela Arrasateko lorezainekin bizi-baldintza duinen aldeko aldarrikapena eta izan behar dela Osakidetzako murrizketen aurkako lubakia salatzen duena.

Arrasaten esango luketen bezala, boliak aurrera jarraitzen du. Gaur atzo baino indar handiagoz aldarrikatzen dugu Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemak publikoa eta komunitarioa izan behar duela. Eta horrela behar du izan, besteak beste, jaiotze kopuruen jaitsieraren aurrean eskola publikoko gelak kolokan jarriko direlako; baina baita itunpeko ikastoletan eta eskola kristauetan ere.

Egoera horren aurrean bi aukera zabalduko zaizkigu Debagoienean: Sareen arteko matrikula lehia edo sistema bakarrerantz eramango gaituen trantsizioa burutzea. LABen argi dugu: konfluentzia da bidea.

Ildo horretan, Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Legearen testua aurkeztuko du datozen asteetan. Aukera ezin hobea zabaltzen zaigu sare publiko bakar eta deszentralizatura garamatzan bidean aurrerapausoak emateko. LABen prest gaude sare bakoitzaren onena hartuta hezkuntza publikoa, euskalduna, laikoa, feminista, herri proiektuei lotua, langileen baldintzak hobetuko dituena eta ikasleak eta familiak erdigunean kokatuko dituen eskola eredu berri baten alde borrokan jarraitzeko.

Eta gaur, atzo baino gehiago gara! Eskerrik asko, Debagoiena!

----------

Jokin Zubiria Lagunilla

DebagoienEko LAB-hezkuntzako ordezkaria

Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak