Ardiak, behiak eta zaldiak ere bai. Pertsonarik ez baina. Animalien jabeak, lauzpabost ekoizle, agure bi, eta ni, besterik ez. Gazteak lo izango dira oraindik, bart gaueko jaranatik berreskuratzen; helduak beren umeak janzten, agian; eta zaharrak leihotik begira, atertu bezain pronto kaleratzeko asmotan.
Ordu bata inguruan, aizkolarien bigarren enborrarekin batera, eguzkiaren lehen keinua laino artetik; eta haren atzetik, herriko aitona-amona guztiak kaleratu dira, beren seme-alaba eta iloba gazteenekin batera, hilerria zirudien azoka biziberrituz.
Pozgarria da azokak herria jendez, kolorez eta kulturaz bete duela ikustea, Eusko Label zigiluko jai egun hauek gure identitatearen parte baitira. Gai izango ote gara biharko egunean euskaldunon legatuaren erakusle diren azokak bizirik mantentzeko? Gazterik ez dut ikusi gaur.