Orokorrean, bi kasutan egiten dit bisita. Lehena, nire egunak nik neuk erabakitako norabidean bizi ditudanean. Halako egunetan opariak egiten dizkit, lagun eta senideen aurpegietan irribarre bat marrazten du; eta lainoak astintzen ditu, eguzkiaren besarkada epelaz gozatu dezadan. Tamalez, beste egoera batzuetan ere egiten dit bisita; guztiz galduta sentitzen naizen egunetan, alegia. Bigarren hauetan, ikatza oparitzeko ohitura du, ikazkin aparta baita. Ez dut gogoko ikatza, baina honek eragiten duen sutetik asko ikasi dudala aitortu behar dut.
Edonola ere, gustuko ditut Olentzeroren bisitak, egunerokotasunetik at, bizitza, misterio eder bezain ulertezina dela irakasten baitit.
Ez dakit zer den Olentzero, baina opariak dakartza guztiontzat. Zabaldu diezaiogun, ba, etxeko atea.