Elektrizitatez kargaturik azala. Ileak zorrotz, arnasa etenda. Jendetzaren oihuak argiekin nahasi dira, ozentasun nahasia bularreko taupaden soinu mutuan ito den arte. Segundo bakar bat, oholtza, eta hirurok. Naizen guztia ahaztu, eta urduritasunaren besarkadapean, lotsak eta beldurrak eratutako amildegiaren barrenera salto egiteko aukera paregabea.
Ez du zentzu larregi, baina inoiz baino biziago sentitzen naiz hemen. Nire comfort zone-etik at. Biok euskaldunak izanda, agian etxetik at esatea aproposagoa litzateke. Abeslari lanetan hasi nintzenean ez nuen uste hainbeste gustatuko litzaidakeenik, hasiera batean kontzertuak ematea ez baitzegoen nire asmoen artean. Baina aitortu beharra dut publiko izatetik oholtza gainera igotzeak gauza ugari irakatsi dizkidala, eta ez nuen bakarra ere ikasiko lotsak albo batera utzi izan ez banitu.
Etxean gustura egoten den arren, beldurra etxetzat hartzeko gai denak bere egingo baitu mundua. Etxetik at, zu zeu.