Beste batzuetan, aldiz, zein erraza den egunari irribarre egitea; hobe esanda, zein zaila den irribarre ez egitea. Izugarri desberdinak dira egunak, nahiz eta jarraian izan; baina, zerk bultzatzen gaitu umorea horrela aldatzera? Lanak? Bikotekideak? Lagunek? Familiak? Diruak? Denborak? Osasunak? Hauen faltak?
Ziurrenik, aurreko faktore guztien nahaste korapilatsu baten baitan dago erantzuna. Dena den, hutsala da oso, benetan garrantzitsu dena bizipoza delako, energia, bizi gosea. Zure abesti gustukoena entzutea; eguzkipean belarretan botatako lo kuluxka; lagunekin eginiko solasaldia; bikotekidearen kilimak gerritik behera doazela; garagardo hotz bat lanetik irtetean; familiakoekin bazkaria… Egiaz, zein gutxi behar dugun, eta zenbat buruhauste sortzen dizkigun behar ez duguna lortzearen irrikak. Egunak joan, egunak etorri, merezi izan al du joan denak? Eta, are garrantzitsuago: mereziko du datorrenak?