Horrela jarraituz gero, gaur ere nekez hartuko dut loa. Galdera gehiegi eginak dizkiot nire buruari jada, eta lorturiko erantzunak, aldiz, urriak dira. Haurtzaroko inozentziaren epeltasunetik irtetetik, galdera existentzialista sorta zabal batekin bizitzera behartua sentitu naiz ezinbestean, eta, momentuz, ezin izan dut nire burua laino ikusezin honetatik aldendu. Baina erantzun batzuk lortu ditut, bide lauso bat trazatzen duten erantzunak.
Badakit ez dudala helbururik bizitza zukutzerik baino, badakit mundua ederra bezain bortitza dela, eta datorrena datorrela inoiz ez dela irribarre egiteko gaitasuna galdu behar, eta badakit kontzientzia garbi izateak ez duela preziorik. Eta hori jakitea nahikoa da gauerdiko kezka guztiak ezabatu eta hurrengo eguna irribarre batez hasteko.