"Elkartasuna ez da delitua!"

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Garitaonandia 2013ko mar. 25a, 01:00

Badira egun batzuk berri pozgarri bat jaso genuenetik...

... inork espero ez genuen absoluzioaren epaia. Pozteko notizia da benetan! Baina guk inongo momentuan ez diogu zilegitasunik eman epaitegi horri; izan ere, herri honek aspaldi daki elkartasuna sekula ezin daitekeela delitu izan, eta Madrilgo epaiketa gertatu aurretik guk jada bageneukan herriaren epaia, eta absoluzio horrekin joan ginen Madrilera. 

 Baina gogoratu behar dugu 15 hilabete luzeko ezinegona jasan behar izan dugula Bergarako komisariako ertzainek Madrilen esku utzi gintuztenetik, lehen egunetik gure senide eta lagunengan beldurra eta amorrua zabalduz. Ez hori bakarrik, injustizia honen aurrean beste alde batera begiratzeko edozein aitzakiak balio duela uste izan duenik badago, EAJ kasu. Harriduraz bete gintuen beraien plenoetako erabakiak eta saminez beraien aitzakiak, eta berriz ere zuen babesik gabe joan behar izan genuen Madrilera. Zorionez edo zoritxarrez, herri honek ondo baino hobeto ikasi du zuen zain egon gabe ibiltzen. Baina Euskal Herriak bizi duen garai berri honetan, ez da begira geratzeko unea, konponbidearen bidean pausoak ematekoa baizik, eta beste aukera bat galdu duzue.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu mobilizazioetan parte hartu duzuen guztioi, udal gobernuei, herri eragileei, lankideei, bertso saioan parte hartu zenuten bertsolariei eta gai jartzaileari, Madrilera gurekin etorri zinetenei, gaiari jarraipena egin diozuenei, ekipokoei, lagun eta senideei. Eskerrik asko, bihotzez, zuen elkartasuna modu batera edo bestera adierazi diguzuen guztioi. Baina jaso dugun elkartasun hau, orain inoiz baino gehiago, euskal preso politiko eta iheslarien aldeko elkartasun uholde bihurtu beharra daukagu, denak etxeratu arte lanean jarraitu eta kalean egon! Animo, lortuko dugu eta!

--------------------

Amaia Osa, Sebas Etxeberria, Joseba Garitaonandia eta Iñaki Manuel

Arrasate eta Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak