Milaka lagun kalera atera ginen espekulazioaren aurka, espekulatzaileen desjabetzea eta etxebizitzaren plangintza aldarrikatzera. Ezinezkotzat jotzen diren neurriak eztabaidaren erdigunean jarri ziren. Ez zen egun bateko kontua izan. Etxebizitza sindikatuen, greba batzordeen eta militanteen urteetako lanari esker izan zen posible. Baina lantokietan grebak indar gutxiago izan zuen. Datozen urteetako erronketako bat greba borroka-tresna eraginkor gisa antolatzea da, langile-klaseak bere gaitasunean sinets dezan.
Hauteskundeak gerturatzen ari diren honetan, ez gaitzatela betiko errezetekin engaina. Legeek eta erreformek egoera arindu dezakete, baina ez dute arazoa errotik konponduko: etxebizitza negozioa den bitartean, gutxi batzuen irabaziak gehienon beharren gainetik egongo dira. A-11koa ez da helmuga, abiapuntua baizik. Grebak langile-klasearen antolakuntzak duen potentziala erakutsi du. Indartu dezagun: hurbildu zure herriko etxebizitza sindikatura eta batu borrokara!