Ez dago urrun joan beharrik: duela astebete, desokupazio enpresa faxista batek etxegabetze bat gauzatu zuen Soraluzen, udaltzain zein ertzainez lagunduta, aurre egin zien jendetza baten aurrean.
Europako hauteskundeak ere pasatu dira, eta gora egin dute joera faxistek. Hau, baina, saldu ohi digutenaren kontrara, nekez geldi daiteke gerrara garamatzan Europar Batasuna bozka bidez zuritzen. Ilusio faltsuok, izatekotan, kontrako efektua erakutsi dute historian zehar, faxismoari aurre egin beharrean hau elikatzen amaitzen baitute. Agenda argia du EBk: kapitalisten irabaziak bermatzea, eta horretarako, gerra eta langileon pobretzea. Hau dena Europako Banku Zentralaren zein NATOren bidez burutzen du, berdin du gobernuan eskuin muturra edo sozialdemokrazia izan. Antolakuntza jada ez da beharrezkoa, ezinbestekoa baizik, gerrara garamatzaten horien aurka, Palestina birrintzen ari direnen aurka, gure etorkizuna idatzi nahi dutenen aurka: antolakuntza komunista. Europar Batasunari ez, NATOri ez.