Joan den astean desokupazio-enpresa bat bidali zidan, bertatik atera nendin. Sarraila aldatzen ere saiatu da, eta argia moztuko didala mehatxu egin dit. Kalean utzi nahi nau, eta ez dakit zer egin.
Beste etxegabetze bat zerrenda luzean. Praktika ilegalen bidez, eta instituzioen ezikusiarekin. Lan bat izan eta etxebizitza mantendu ezin, etxegabetuen %66,1ek bezala. Hori da errealitatea, eta joerek erakusten digute gero eta ohikoagoak izango direla etxegabetzeak, azpierrentak eta, oro har, miseriazko bizi-baldintzak. %53 igo da etxerik gabeko pertsonen kopurua EAEn, eta instituzioen neurriak ez dira joera hau gelditzeko gai.
Etxebizitzaren sarbidearen arazoari guk geuk errotik heltzeko ezinbestekoak dira Etxebizitza Sindikatu sozialistak; etxegabetze guztien aurka, etxegabetzerik existitu ezingo den gizarte baten alde egiteko. Urtarrilaren 20an dugu hitzordua, Bergarako UNEDen, 11:30ean, bailarako Etxebizitza Sindikatua eta etxegabetzeen aurkako ekintza gida aurkezteko. Bihur ditzagun amorrua eta ezintasuna indar antolatu.