Pandemiaren ostean denak eder zirudien, eta ekarri dizkigute gerra, errepresioa eta aurrezkirik xumeenak irensten diharduen ditxosozko inflazioa. Esan ziguten pasako zela, fenomeno meteorologiko baten gisan, baina ekaitz honi ez zaio ostarterik nabari inongo aldetik, eta jada azken urteotan ikusitakoak erakutsi beharko liguke okerrera egingo duela. Okerrera egingo duela, behintzat, aurre egiten ez badiogu; aurre, baina ez ekaitzari, ekaitz hori sortu eta elikatu duten arduradunei baizik. Egoera honek denak arduradunak dituelako, baina ez gaitezen engaina, agintari batzuen ordez beste batzuk jarrita ez da-eta hau amaituko.
Ez genuke ekaitzean oasirik sortzerik nahi. Ez dugu miseriaren kudeaketa justuagorik nahi. Miseriarik gabeko mundu bat da nahi duguna, zapaldurik zein zapaltzailerik gabeko mundu bat, eta horrek gizarte kapitalista hau errotik aldatzea esan nahi du, ezinbestean. Badugu lana, urte gogorrak datozkigu aurretik, baina den-dena dugu irabazteko.