Pandemiak halako hainbat eta hainbat gertakari ekarri dizkigu; bueno, pandemiak edo. Horiek babeserako neurriak direla diote batzuek, eta nago ni arrazoirik ez dutela falta: sistema kapitalistaren babesgarri dira. Hau da datorkiguna: babesez mozorrotutako kontrol soziala, hedabideek zurituko dutena, eta punta-puntako teknologiaz hornitua. Ez du pandemiak ekarri eta ez du pandemiak berarekin eramango.
Zer esanik ez gainean dugun krisi kapitalistaren gerizpean, non miseria gailenduko den biztanleriaren multzo zabaletan, eta horien haserrea eta amorrua gelditzeko mekanismoak beharko dituzten estatuek. Eguneroko ogi bihurtu zaigu miseria, eta berarekin kontrol soziala, eta badirudi gure etorkizunetan leku bat izan nahi luketela. Guri, baina, kontrol horri kritikaz eta antolakuntzaz aurre egitea dagokigu, ez badugu gizarte eredu honen biolentzia eta miseria normaltzat hartuaz bukatu nahi.