Hator, hator neska-mutil etxera!

Martxoaren 22a, larunbat goiz euritsua. Eguerdia heltzearekin batera, argi izpi batek aurre egiten dio eguraldi ilunari Euskal Herri osoan.

Albiste zoragarria, bolo-bolo dabil komunikabide eta sare sozialetan. Euskal iheslari politikoen kolektiboa, gatazka politikoaren konponbidean, beste urrats ausart bat egitera doala irakurtzen dut. 

Nire barnean poztasuna da nagusi, euskal iheslari politikoen kolektiboa osatzen duten kideen %20k beren sorterrira itzultzeko urratsa egitera doazela irakurtzeak poztasunerako eta hausnarketarako nahiko arrazoi ematen baitit.

Euskal iheslarien kolektiboa oso anitza eta zabala da. Arrazoi desberdinak medio, azken hamarkadetan, ehunka euskal herritarrek beraien sorterria utzi eta alde egiteko hautua egin dute. Bizi baldintza gogorrak pairatu behar izan dituzte, desagertuak, hildakoak... izan dira. Argi dagoena da gatazka politikoaren ondorio direnez gatazka politikoaren konponbidean ere subjektu aktibo izan behar dutela.

Garaia da, konponbide garaia da. Soluzio demokratikoa emateko irekia den prozesua bultzatzeko, beraien ekarpena egin dute.Iheslari guztiak Euskal Herrira eta beraien etxeetara zentzuzko denbora batean itzultzeko beraien bideorria aurkeztu dute: 

www.kazeta.info/harhitza/sorterritik-sorterrira-lepoan- hartu-eta-segi-aurrera/

Baina tamalez, oraindik ere, frantziar eta espainiar estatuak ez daude konponbiderako parametroetan. Beraz, egin duten mugimendua Euskal Herriari begira egin dute. Gu gara beraien arnasgune. Gu gara beraien babes eta arnas.Iheslariek konponbidearekiko hartu duten konpromisoak eta Euskal Herrian gehiengoaren nahiak bat egiten dutenez, gatazka politikoaren korapiloak askatzen joateko aukerak parez pare ditugu.

Ez izan dudarik esfortzuak merezi izango duela: urrats batek ondorengo urratsa dakar, eta, denon artean herri babesa indargune izanik, emango ditugun aurrerapausoak geldiezinak izango dira.

Aske izateko joan ziren eta aske izateko itzultzen hasi dira, den-denak etxean izan arte. Denok izan gaitezen libre!

----------

Jose Mari Zugasti Arregi

Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak