Euskararen Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Josemari Velez de Mendizabal 2025eko abenduaren 1a

(Argazkia: Ekain)

Etzi Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu, iragan mendean Eusko Ikaskuntzari horrela izan behar zuela otu zitzaiolako.

Eta ospakizunaren lehen mendea oraindik betetzeke, badirudi hastapenetako agenteak ahaztu egin dituela euskal gizarteak, eguneroko gurpil irensleak eszenategi eta protagonista berriak behar baititu, ibilbidean garatuko bada. Eta nire ikuspuntu historikotik pena pixka bat ematen badit ere, barnean halako poztasun mingotsa antzematen dut: aitzindari haien helburua lortzen ari dela iruditzen zait.

Euskara bizirik dago eta aurrerantz proiektatzen du. Hizkuntzak erakunde biziak dira - nik esango nuke hilak ere oroimenean bizi direla haietara jotzen dugunean- errealitatera eta testuinguru soziokulturalera egokitzen direnak. Areago, hizkuntzek bizitzaren gaineko ikuspegi desberdina ematen dute, haien hiztunek tokian tokiko zirkunstantziei aurre egiteko une bakoitzean erabilitako berbaldiaren arabera. Horrek esan nahi du hizkuntzak garatu egiten direla, aldatu, nahiz eta ez naizen ausartzen aitortzera beren corpusean aberatsagoak bilakatzen diren ala ez. Hizkuntza bateko hiztunek ezagutuko bagenu nola joan den aldatzen gurea, agian irekiagoak izango ginateke, enpatikoagoak.

Hizketan jartzen gara eta gure ideiak eta arrazoinamenduen espresabidean bada halako lotailu bat, ikusezina, hainbat pista ematen dituena hizkuntzaren garapenari buruz. Alboko hizkuntzen - baita ez hain hurrenekoen eragina nabarmena gerta daiteke. Euskararekin garbi froga daiteke, bekoki zabaleko azterketa xume baten bitartez. Alderantzizko norabidean gerta daitekeen bezala, noski. Hizkuntzak ez dira puruak, orban gabeak, arrazoi sinple batengatik: komunikatzeko tresnak direlako. Giza harremanik ezean bakarrik iraungo lukete tatxarik gabe… baina horrek beste estatus batean utziko luke kolektiboa… Amazonetako oihan itxienetako ilunetan omen direnen mailan.

Nazioarteko Euskararen Egunean, bai euskaldunei bai euskara ez dutenei lasai eta aurreiritzirik gabe inguruko hizkuntzei begiratzea eskatuko nieke, ea adostasun puntuak aurki ditzakegun ikusteko. Adituek diotenez, hizkuntzek inguratzen gaituzten munduaren pertzepzioa moldatzen dute. Agian, beste hizkuntza bati buruz gehiago ikasteko ahaleginak, gure mundu-ikuskera aldatzen ez badu ere, gure ingurukoak begi berriekin ikusten lagunduko digu.

Artikulu hau eta beste asko irakurtzeko hemen bloga: Etorkizuna etorkizun.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak