Aurrekoan nioen bezala, Rafael Ariza Etxezarreta oso gizon jantzia zen eta goi kultura mailakoa. Eta Arrasateko bere etxean adibide ugari utzi zituen, ikasketek eta bizitzaren gaineko begiratzeak eskaintzen zioten maila hartaz. Eman nuen aurrekoan Sagasti-Etxeko bibliotekari buruzko nire ikuspuntu azkarra eta berera itzuli nahi dut.
Ariza Etxezarreta gizon ikasi baten semea zen. Izen bereko Ariza Espejo medikua, Ezijan jaio eta Arrasaten hila, unibertsitate ikasketak amaituta gero Sevillan aritu zen Medikuntza eta Kirurgiako Eskola Librean histologiako irakasle gisa. Handik Madrilera igaro zen eta espainiar hiriburuko Ebakuntza Terapeutikako Institutuko Otorrinolaringologiaren zuzendari izendatu zuten. Bere ibilbide profesionalean denetariko diziplina intelektualak landu ahal izan zituen eta bere biblioteka oso aberatsa izan zen.
Sagasti-Etxeko bibliotekara heldu zen Ariza Espejoren liburu bilduma eta egundoko prestigioa ahalbidetu zion. Medikuntzari buruzko espezialitate zabalez bete zuen Ariza Espejok bere bilduma eta liburuak Arrasatera heldu ziren. Horregatik ez da harritzekoa, Joxe Letonak esan ohi zuen moduan, Gregorio Marañon eta Pio Barojaren gisako intelektualek – biak mediku eta idazleak- Etxezarretako liburutegia erabiltzea euren lanetarako.
Aurreko idazkian adierazi nuen moduan, Sagasti-Etxea barrutik ezagutzeko aukera izan nuen eta esan dezakedana da bibliotekako aretoa inoiz etxe partikular batean ikusi dudan handiena zela. Etxera gonbidatu nindutenerako, ordea - 1978an- ia-ia hutsik zegoen baina garbi neur zitekeen haren tamaina, eta apalategi haietan sar zitezkeen liburuen kopurua ikaragarri handia zen. Liburutegia etxeko behe solairuan zegoen.
Egiaztatu ahal izan nuenez, Ariza jaunak katalogatua zeukan bere liburutegia. Eta nik artean eskuetan eduki ahal izan nituen liburuak espainiera, frantses, alemanera, ingeles, italiera, katalanera, euskara, latina eta beste hizkuntza batzuetan zeuden idatzita. Bisita hartatik zenbait liburu etxeratu ahal izan nituen eta nire liburutegian daude.
Baina Ariza Espejoren liburuez gain, Ariza Etxezarretaren biblioteka jatorri desberdineko beste emarirekin osatu zen, Rafael Ariza Etxezarreta semearen beraren liburuez gain, jakina. Horrela, Panticosako Bainu Etxeko zuzendaria izan zen Eduardo Gurutxarriren liburuak katalogatuta zeuden Etxezarretako bibliotekan. Halaber, Jose Maria Mendia eta (Juan) Gregorio Mendiaren liburuetako asko Sagasti-Etxera ailegatu ziren. Zeintzuk ziren horiek?
Santa Agedako Bainu Etxearen jabea izandako Jose Mariaren biloba genuen Gregorio. Juan Gregorio Mendia Etxezarretak Santa Agedako negozioari muzin eginez Irurara ezkondu zen Julia Goizueta Diazekin eta zenbait enpresaren sortzailea izan zen, besteak beste Hernaniko Papelera del Urumea eta G. Mendia y Cia. Juan Gregorio arrasatearrarekin eta Iruran jaiotako semearekin harreman handia izan zuen Rafael Ariza Etxezarretak, enpresa horietako administrazio kontseiluetan aritu baitzen. Hurrengo batean ikusiko dugu, gainera, Juan Gregorio Mendia Goizueta hiltzean Rafael Ariza Etxezarreta haren alarguntsarekin ezkondu zela.
Juan Gregorio arrasatearraren beste seme bat Jose Maria izan zen, hori ere Iruran jaioa eta, beraz, izen bereko Santa Agedako bainuen ugazabaren biloba genuen. Bi anaiek urtetan egindako biblioteken arabera, europar kultura ez zitzaien bat ere arrotz. Haietako tomo ugari Rafael Ariza Etxezarretaren liburutegira igaro ziren.
Zer gertatu zen Sagasti-Etxeko liburuekin? Joxe Letonak zioenez, hamasei zati egin ziren eta horrenbeste senitartekok eraman zituzten, Gipuzkoan izan ei zen bildumarik garrantzitsuenetakoa deseginez.
Aurreko artikulua:
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
ASTEBURUETAKO BULETINA
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.
Harpidetza aukera guztiak