Hori da, bederen, zenbakietako adituek kalkulatu dutena. Ez digute guztiz zehaztu, ordea, ar ala emea den, ezta zer hemisferiotan jaio zaigun ere. Badugu Malthus eta bere teoria guztiak gizadiak gainetik pasatu ote dituen pentsatzeko gaia.
Gauzak mundu osoan ia denentzat gaizki dabiltzan arren, jaio berri horrek zailago aterako du aurrera bizimodua munduratu den inguruko baldintzak ez bazaizkio aldeko margoarekin pintatu. Eta estatistikek diotenez –probabilitateen legeak lagun– gizaki txikitxo horren sehaskan miseriazko xehetasunak izan daitezke nagusi. Errakuntzarako aukera gutxirekin, beraz, besapeko ogiarekin ailegatu beharrean etsipen eta madarikazio-karga batekin jaio dela esan liteke. Eta horrek ez digu mundu honetara aspaldi ohitu ginenoi ezelako ohorerik egiten, alderantziz baizik.
Txarrena, nolanahi ere, ez da ez garela gauza izan zazpi mila milioiko dortsala daraman horrentzat kabi egoki eta duina prestatzeko. Okerrena da, gizaki anonimo horri beste askok jarraituko diotela bizi-baldintza berdin edo txarragotan. Oker ninteke, baina ez dut uste. Zoritxarrez.